Urteko azken baserritarren azoka egingo da zapatuan Seber Altube plazan (09:00-14:00). Izan ere, Santamas jaiak direla-eta abenduan ez da hileroko azokarik egongo. Bihar, hamalau postu egongo dira: Arrasateko lau, Debagoieneko lau, beste eskualde batzuetako hiru –tartean Bermeoko arrain-kontserbena eta Arabako lautadako produktuena– eta orturako zein sukalderako lanabesen postuak.
Azaroko azokako bereizgarria izango da Debagoieneko II. Postre Lehiaketa egingo dela. Bi kategoria egongo dira: 18 urtetik gorakoetan bost pertsonak eman dute izena; 12 eta 17 urte artekoetan, herriko gazte txokoetatik, hiru postre aurkeztuko dira. Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen barruan kokatzen da postre lehiaketa.
Lehiaketa ez profesionala
"Helburua da bertako gastronomia eta garaiko produktuen kontsumoa sustatzea. Horregatik, postre lehiaketan parte hartzeko eskatu da, norberak egiteaz aparte, bertako eta sasoiko osagaiduna izatea: hurra, gaztaina, sagarra edota eztia. Postreek osagai horietatik bi izan beharko dituzte, gutxienez. Hortik aurrera, irudimenak irabaz dezala", adierazi du Deba Garaia Garapen Elkarteko Agurtzane Diazek. Gozogintzan profesionala ez izatea izango da beste baldintza bat: "Iaz gaizki-ulertu bat egon zen; gure asmoa da lehiaketa herrikoia izatea".
Lehiakideek 11:00etarako gertu izan beharko dituzte postreak eta 12:30 aldera egingo da sari banaketa. Epaimahaiak hiru irizpide zehaztu ditu postre onena aukeratzeko: zaporea, aurkezpenaren itxura eta originaltasuna. Epaimahaiak sarituen berri eman ostean, postre guztiak dastatzeko aukera egongo da.
Lanbide Heziketako ikasleak
Lanbide Heziketako ikasleek ere hartuko dute parte azokan; lehiaketarako ez diren postre batzuk eramango dituzte –osagai berberekin– eta zerbitzari lanetan ere arituko dira. "Guretako, oso ekintza aberasgarria da. Jendearengandik jasotzen duten edozein mezu oso positiboa da. Ikasleen artean zozketa egin behar izan dugu, iaz oso gustura egon zirelako. Iazko postreak errepikatuko ditugu, jendeak oso gustura jan zituen-eta", adierazi du Iñaki Olalde irakasleak.
Biteriko azoka, laster martxan
Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordearen eskaera aintzat hartuz, Biteri plazan azoka txikia jarriko dute zapatuetan; urtebetez egingo da, proba modura. Oraingoz, hamalau saltzaile daude; frutak, barazkiak, kontserbak, hestebeteak eta gozokiak salduko dira, besteak beste. Saltokien kokapenaren zozketa egin ostean, Udalak alegazioak egiteko epea ireki du. Konfirmatzeke badago ere, lehen azoka abenduaren 3an egingo dela aurreikusten dute.