Emakume nekazariak etorkizuna ereiten jardunaldiak bestelako nekazaritza eredu baten beharra aldarrikatzeko antolatu dituzte Mundukidek eta Elkarhezitzenek. Gaur egungo nekazaritza eredu industrializatuak sortzen dituen desoreken aurrean, nekazaritza familiarra proposatzen dute horren konponbide gisa. "Familia nekazaritza ez da bakarrik ekonomia eredu bat, elikagaiak era jasangarrian ekoizteko oinarria da, elikadura segurtasuna eta elikadura burujabetza lortzeko bidean aurrerapausoak emateko oinarria eta nekazariek eta horren ondorioz gizarteak pairatzen duten dependentziaren alternatiba".
Pasa den azaroaren 8an egin zuten “Familia nekazaritzarekin mundua elikatu dezakegu” izeneko lehen saioa, Eskoriatzako Ibarraundi museoan. Gaurkoan Mozanbikeko eta Euskal Herriko ereduak jorratuko dituzte, bien antzekotasun eta sinergiak zeintzuk diren aztertzeko. Mozambikeko eredua azaltzeko UNAC elkarteko presidentea den Ana Paula Tauacale hartuko du hitza, eta Euskal Herriko ereduaren ordezkari gisa arituko direnak Baserria XXI-eko Ane Gorosabel eta Nere Aspiazu izango dira.
UNAC elkartea
Nekazari mugimendu bat da, Mozambikeko garapen prozesuan nekazarien partehartze aktiboa bermatzeko borrokatzen duena. “Mozambiken bertako nekazariei lurrak kentzen ari dira atzerritarrei emateko, exportaziora bideratutako eskala handiko nekazal ekoizpenerako. Gure herrialdeetan nekazaritza familiarra defendatu behar dugu; mundua elikatu dezakegula frogatu dugu” azaldu du Ana Paula Tauacalek.