Aurkeztu dituzte Muzibar eta San Frantzisko kaleen arteko berrantolaketa aukeren inguruan Udalak antolatutako informazio prozesuaren emaitzak.
Proiektua jendarteratzeko prozesuaren hasieran, erakusketa bat jarri zen otsailean eta izan zuen arrakasta ikusita, bigarren bat antolatu zuen Udalak irailaren 13tik 28ra. Bertan, antolatutako bisita gidatuetan parte hartzeaz gain, aukeren inguruko informazioa jaso, euren iritzia eman eta gustukoen zuten aukera bozkatu ahal izan zuten arrasatearrek.
332 boto eta 87 ekarpen
Horren harira, Udalak informazio prozesu horrek izandako arrakasta nabarmendu eta eskertu nahi izan du, herritar askok parte hartu dute-eta. "Bisita gidatuek harrera ezin-hobea izan dute; 448 arrasatear gerturatu dira bisita gidatuen bitartez berrantolaketa honek ekarriko dituen aldaketak lehen eskutik ezagutzera. Era berean, guztira 332 boto jaso dira, Kulturate izanik bozkatzeko biderik erabiliena eta horrez gain, 87 ekarpen ere bildu ditu Udalak", adierazi dute.
Muxibar eta San Frantzisko arteko kale zatiaren berrantolaketa proiektua lantzeko bigarren informazio saio horretan 35 aukera izan dira ikusgai, horien artean herritar talde batek aurkeztutako Aramaio Erreka Ardatz proposamena. 180 bozkekin, guztien artean 10-A aukera izan da arrakastatsuena.
Argazkia: Herritarren aukera gustukoena.
Aukera bozkatuenaren ezaugarriak
Honako ezaugarriak ditu herritarren artean bozkatuena izan den 10-A aukerak. Hala ere, ekimen hau epe luzean garatzeko proiektu bat dela azpimarratu du Udalak; orain aukera guztiak aztertu eta proposamen zein proiektuaren bideragarritasuna aztertuko dira.
Muzibar eta Arbolapeta tartean:
-Zarugalde kalea oinezko bihurtuko litzateke eta bertatik pasatuko litzateke bidegorria.
-Otalora kalean, Santa Barbarako aldean, sei metroko zabalera duen pasealekua.
-Otalora kalean ezarriko ziren, paraleloan, aparkalekuendako linea bat, ibilgailuen zirkulaziorako bi norabide eta bi metroko zabalera duen espaloia.
Arbolapeta inguruan
-Kondekua eta Monterronerako loturan oinezkoei lehentasuna.
-Monterron parkearen irekiera bat proposatzen da.
-Kondekua inguruan mantenduko litzateke bizikletendako ardatza.
-Kondekua azpian aparkaleku bat egokitzeko aukera aurreikusten da.
Arbolapeta eta San Frantzisko artean
-Kale bakar bat sortuko litzateke Ignacio Zuloaga eta Otalora artean; horren ondorioz, oinezkoendako espazio zabalak lortuko lirateke.
-Ignacio Zuloaga kalearen aldean mantenduko litzateke bizikletendako ardatza.
-Aparkalekuak ahalbideratuko lirateke kaleko bi aldeetan, baterian.
San Frantziskoko biribilgunea
-Egungo biribilgunea mantenduko lirateke.
-Uarkape aldean mantenduko litzateke bizikletendako ardatza.
-Erreka metro gehiagotan bistaratzeko aukera zabaltzen da.