Emakume Etxeek sare bat osatu dute berdintasunaren bidean sinergiak sortzeko, koordinatzeko, baliabideak partekatzeko eta erreferentzialtasuna lantzeko. Sarean daude: Arrasatekoa, Azpeitikoa, Basaurikoa, Donostiakoa, Durangokoa, Eibarkoa, Ermukoa eta Ondarroakoa.
Saretze hori irudikatze aldera sortu dute emakume bertsolariekin batera Testurak bertso saio ibiltaria. “Uste dugu gero eta bertsolari gehiagok dituztela betaurreko moreak jantzita; era berean, eurek ere ahalduntze prozesuak landu dituzte, eta guk plazarako bidea egiten lagundu behar diegula uste dugu”, dio Amets Beltran de Gebarak, Arrasateko dinamizatzaileak.
Idazleen testuekin bertsotan
Testuingurua eta gaia emakumeen unibertsoarekin lotuta daude, baina, egiturari dagokionez, ohiko bertso saioa da. “Emakume idazleen testuetatik abiatuta proposatuko digu Maite Berriozabalek zeri buruz kantatu. Hortik, bada, saioaren izenburua: testuak oinarri, testura eta zapore askotako bertsoak botako ditugu. Bat-bateko saioek sarritan ez dute gaiak sakontzeko aukerarik ematen; testuetatik abiatuta sakonago lantzeko bidea ematen digu. Hala ere, bertsolariok saioa hasi aurretik ez dakigu zeintzuk diren testu horiek”, dio Ainhoa Agirreazaldegik.