Ezagutzen ez dugun jendearekin aritzeko:
Lehen hitza euskaraz
Lehen hitza euskaraz egitea da modurik onena ezezagun batek euskaraz dakien jakiteko. Egin lehen hitza beldurrik gabe, eta sorpresa ederra hartuko duzu zenbat jendek dakien euskaraz!
Eta hurrengo hitzak ere bai
Gerta liteke aurreko lagunak euskaraz ulertzea baina gurekin hitz egiteko ez moldatzea, eta gure “kaixo” horri gaztelaniaz erantzutea. Solaskideak ulertzen bagaitu, euskaraz jarrai dezakegu lasai. Elkarrizketa elebiduna izango dugu agian, gu euskaraz eta bera erdaraz, baina guk gureari eutsiko diogu. Zaila dirudi, baina ohitura kontua da. Pazientzia izan.
Erabakia zurea da beti
Solaskideak euskaraz ez dakiela esaten badizu, edo zuzenean esaten badizu berari gaztelaniaz egiteko, erabakia zure esku dago beti. Euskaraz jarraitzeagatik aurpegi txarrarekin edo hitzez erasotzen bazaituzte, ondoko aholkuak lagungarri izango zaizkizu:
• Ez ezazu itzuli erasoa: horrek eskalada besterik ez du eragingo eta kostu emozionala ekarriko dizu.
• Ez justifikatu zure portaera: zure portaera justifikatzen ari zarenean, zure portaera kuestiona dezaten legitimatzen ari zara.
• Saihestu itzazu ideologian, historian eta eskubideetan oinarritutako eztabaidak. Gogoan izan Oscar Wildek esandako hura: “arrazoia da mundu honetan ugarien dagoen substantzia: guztiek dute guztia, denbora guztian”.
Irribarrea lagun
Arma boteretsua da irribarrea, aurrean dagoena desarmatzeko balio du. Zuk segi zurearekin eta erakutsi zure irribarrerik hoberena!
Lagun eta ezagunekin aritzeko
Posible da ohiturak aldatzea
Elkarrekin gaztelaniaz aritzeko ohitura handia dugu euskaldunok. Baina ohiturak alda daitezke, hori argi dago. Nahi izatea eta pausoak ematea da kontua. Gure lagunen batekin hizkuntz ohiturak aldatzen hasi nahi badugu, kontuaz hitz egitea da lehen pausoa, gaia mahai gainean jartzea. Behin hori eginda, beti da lagungarria aldaketaren alderdi positiboak azpimarratzea eta kontua ultimatum bat bezala ez planteatzea. Ezina ekinez egina... eta irribarre onenarekin beti. Ezezagunei irribarre egingo badiegu, lagunei nola ez?