Julen Ribas: "Erakusketako edukia nahiko freskoa da"

Ibon Carmona 2016ko aza. 5a, 12:00
Julen Ribas bere erakusketan.

Komikigile arrasatearraren lanak Donostiako Udal Liburutegian dagoen Euskadi fantastikoa izeneko erakusketan daude ikusgai azaroaren 19ra arte.

Marrazteko ohitura eta zaletasuna txikitatik darama Julen Rivas (1981) komikigile arrasatearrak. Gaztetan Arte Grafikoak ikasi zituen Bartzelonan, eta bertan ezagutu zuen komikien mundua. Geroztik, ilustratzaile egiten du lan eta komiki ezberdinak argitaratu ditu. Oraingoan, bere lanak Fantasiazko eta beldurrezko Zinemaren Astearen barruan egiten den Euskadi Fantastikoa erakusketan aurkeztu dira, eta, hain zuzen, Donostiako Udal Liburutegian egongo dira ikusgai.

Zer sentitzen du batek bere lanak paretetan eskegita ikusita? 

Antolatzaileek gonbita eskaini zidatenean, lotsa pixka bat sentitu nuen. Azken finean, nire egitekoa liburu eta komiki ezberdinentzat marrazkiak egitea da. Hori oinarri izanik, jendaurrean nire marrazki eta zirriborroak erakusteak biluzte sentsazio bat sorrarazten dit.

Zer aurkituko dute Alderdi Ederko liburutegira gerturatzen direnek? 

Azken sei urteetan egin ditudan lanen zatiak ikusi ahal izango dira. Nire kasuan, lan zaharrekin beti izaten dut harreman nahiko arraroa; izan ere, hauei errazago topatzen dizkiet akatsak. Alde horretatik, erakusketako edukia nahiko freskoa izango da. Gainerakoan, ikusiko diren lanak modu tradizionalean eginak daude, eta, digitalki ere lan egiten dudan arren, erakusketara eraman ditudan lanak paperean marrazturikoak izan dira.

Hortaz, erakusketan zure lan guztien aperitibo txiki bat eskainiko da? 

Komiki bateko orrialde guztiak erakustea ezinezkoa denez, lan ezberdinetako zatiak hautatu ditut. Horrez gain, hainbat faktorerengatik argitaratuak izan ez diren baztertutako zenbait lan ere ikusi ahal izango dira bertan.

Gustora geratu zara erakusketak hartu duen itxurarekin? 

Mundu honetan sartu nintzenetik, askotan jarraitu izan ditut gertutik marrazkilari eta komikigile ezberdinen lanak. Orain markoetan eta beira-arasetan sartuak dauden lanak nireak dira, eta horrek poztu egiten nau.

Nondik jaso zenuen erakusketaren proposamena? 

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Asteko antolatzaileak Xabiroi komiki-aldizkarian nirekin lan egiten zuen Iñaki Holgado komikigilearekin jarri ziren harremanetan. Honek proposamena luzatu zidan, eta, hasiera batean errespetua ematen zidan arren, baiezkoa eman nuen. Hiri batean, eta, are gehiago, Donostia 2016 programa kulturalaren barruan egingo dela kontuan izanik, aukera paregabea iruditzen zait erakusketan parte hartzea. 

Erakusketaz gain, zein proiektutan zaude murgilduta? 

Xabiroi aldizkarian Santa Familia komikia ari naiz kapituluka argitaratzen Eider Rodrigez idazlearekin batera. Istorio sarkastiko bat kontatzen da bertan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak