Tere Gonzalez: (Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendaria): "Orain arte egin dugun zailena da, baina gogoz ari gara lanean"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko urr. 31a, 10:00

Izaskun Murgia Elkarte Lirikokoak buru-belarri ari dira azaroan taularatuko duten zarzuela prestatzen. La del soto del parral (Reveriano Soutullo eta Juan Vert) lana eskainiko dute; elkartearen hamazazpigarrena. Azaroaren 19an, 20an, 25ean eta 26an eskainiko dute Amaia antzokian. Aste honetan jarriko dituzte sarrerak salgai.

Zer moduz doaz prestaketa lanak?
Badoaz poliki-poliki; orain arte egin dugun zailena da askogatik. Oso polita da, baina esfortzu handia eskatzen duena. Aspalditik nuen honako hau egiteko gogoa, oso gustuko dut eta; bereziki, baritonoaren erromantza.  Kalean ere hainbatek proposatu izan didate.

Zer iruditu zaio taldeari?
Uste dut denak haserre daudela nirekin, baita orkestrakoak ere. Badaude-eta errazagoak; hala ere, fin ari dira guztiak lanean. Gurako nuke publikoak egin dugun ahalegin hori baloratzea.

Zelakoa da? Ze ezaugarri ditu?
XIX. mendeko Segovian kokatuta dagoen landa-drama bat da. Zarzuela oso handia da. Ahotsendako, bereziki, partitura oso zailak ditu; alde horretatik, esan daiteke opera batekin antzekotasun handiak dituela. Madrilgo La Latina antzokian estreinatu zuten 1927. urtean.

Ohi bezala, honako honek ere maitasun kontuak ditu oinarri.
Halaxe da, bai; ez da azaltzeko samurra, sekulako anabasa da. Gizon batek oinordetzan etxaldea utzi dio bikote bati. Gizon horrek kanpoan bizi den baina herrira itzuli den seme bat dauka eta herriko emakume batekin -Angelita- maitemindu da. Bitxia bada ere, zarzuela guztian ez da azaltzen emakume hori. Angelitak garai baten etxaldeko jabearekin maitasunezko harremana izan zuela daki bikote horrek, eta, horregatik, sekulako ahaleginak egiten ditu semea konbentzitzeko emakume hori ez zaiola komeni. Sekulako katramila sortzen da; azkenean, dena argitzen den arren, sekulako dramatzarra da.

Protagonista paperetarako aurreko lanetakoak aukeratu dituzu.
Kontuan izan behar da herriko kantu ikasgela batetik ezin direla gura beste abeslari atera. Hala ere, balio dutelako aukeratu ditut, eta, duda barik, euren partetik dena jartzen ari dira.  Hori horrela, bikote gaztea, German, Igor Ganboa, baritonoa, eta Aurora, Ruth Osinaga, sopranoa; Enrike Altuna, tenorea komiko papera dutenak, Catalina, Cristina Cubillo, sopranoa,  eta Damian, Mikel Izurrategi, tenorea, dira; Sabino osaba, herriko petrikiloa, berriz, Luis Okina, tenorea da. Horiez gainera, Prudentzio osaba erromantze-kantaria dago; Bittor Kortabarria da eta ez du abesten, berba bakarrik egiten du.

Pentsatu duzu sekula beste herri batzuetako abesbatzetara joatea fitxaketa bila?
Ez; momentuz ez. Abesbatza guztietan dugu, nire ustez, arazo bera: gizonak falta direla.

Horiez gainera, abesbatza dago.
Abesbatza herria da, oraingoan. Aurrekoetan moduan, 50 lagun  inguru daude. Kantu asko ditu; horien artean, kantu ezagunena den Ronda de enamorados.

Orkestra eta dantzariak ere aipatzekoak dira.
Arrasate Musikaleko Orkestrakoak ere gogor ari dira lanean Iker Olazabal zuzendariarekin. Azaroaren 5ean egingo dugu elkarrekin lehenengo entsegua. Dantzariak, berriz, iaz moduan, Debako Kulunka dantza taldekoak dira. Horiek ere, euren aldetik ari dira lanean.

Hamazazpigarrena; zenbat eta gehiago egin, orduan eta zailagoa ala errazagoa?
Gure jokamoldea oso argia da: zarzuelatik zarzuelara zerbait gehiago eskaintzen saiatzen gara, baina egia diotsut: lan gehiago ezin dugu egin. Esperientzia ere garrantzitsua da, nola ez; abeslariak ohituta daude taularen gainean egoten, eta horrek beste naturaltasun bat ematen du. Garrantzitsuena, baina, gogoa da, eta alde horretatik ez dut inongo kexarik. Elkarrekin gaude guztiak, itsasontzi berean.

Gogo hori ikuslearen aldetik ere ikusten duzue?
Baietz esango nuke; Amaia antzokia lau egunetan ia betetzea ez da erraza eta guk lortzen dugu. Oso pozik gaude publikoarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak