Enpresako zuzendaritzak EREaren aplikazio minimoa proposatu duela dio Enpresa Batzordeak prentsa ohar bidez: "Azaroan bakarrik aplikatuko litzateke, eta gainera, era partzialean; bi astetan egosketan eta lau astetan garbiketa sailean. Gero, jarduera era normalizatuan aplikatuko da".
EREaren negoziaketa akordio gabe bukatu dela jakinarazi du Enpresa Batzordeak: "Ez du inolako irtenbiderik proposatzen, eta enpresaren etorkizunaren inguruan kezka sortzen digun urrats bat gehiago da. Ez dugu EREa onartu ez dielako enpresak dauzkan arazo estrukturalei erantzuten".
Gaineratu du zuzendaritzak ez diola "erantzunik eman" Enpresa Batzordeak etorkizunerako plan bat aurkezteko egindako eskaerari. Eta enpresaren jabeari bilera eskatu diote: "Ez dugu inolako zalantzarik CNA Fagor proiektua bideragarria izan daitekeela. Baina horretarako guztion inplikazioa behar du: zuzendaritza, langileak, instituzioak".