Xiberoaren eta Arrasateren arteko harremana sendotzen

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 15a, 12:21

AEDk gonbidatuta Xiberoako Eperra ikastolako 30 lagun inguru Arrasatera etorri dira. Besteak beste, konfidantzaren pedagogiari eta kooperatibismoari buruzko hitzaldiak jaso dituzte, eta euren produktuak ekarri dituzte baserritarren azokara. Kantaldia ere egin dute Seber Altuben eta ondoren Jai Zale tabernan elkartu dira bazkaltzeko.

Euren arteko harremana estutzeko asmoz, AED elkarteak Xiberoako Eperra ikastolako kideak gonbidatu ditu gaurkoan Arrasatera. Egitarau mamitsua prestatu diete, hainbat hitzaldirekin, azokara bisitarekin, kantaldiarekin eta baita bazkariarekin ere.

Eguna hasteko AEDren esperientzia, Arizmendiko konfidantzaren pedagogia eta Arrasateko kooperatibekin lotutako hitzaldiak jaso dituzte. Beñat Etchebest Eperra ikastolako kideak oso interesgarritzat jo ditu, eta bertan ikasitakoak euren errealitatean txertatzeko aproposak direla nabarmendu du.

Argazkia: Xiberoako produktuak egon dira salgai gaurko baserritarren azokan.

Eperra ikastetxeko kideek bertako produktuekin egindako Gabonetako otarrak saltzen dituzte, bi helburu garbirekin; bertako ekoizleen aldeko apustua egitea, eta ikastolarako baliabide ekonomikoak lortzea. Hori dela, eta otarrean eskaintzen dituzten produktu gastronomikoak ekarri dituzte gaur Seberon egin den baserritarren azokara. Hala, ardi gazta, euskal txerriki lukainkak edo ahate gibelak saltzeko postuak jarri dituzte Xiberoako ekoizleek, eta horretaz gain, euren lurraldeko turismoa sustatzeko informazio postutxoa ere jarri dute. Azpimarratzeko ere gaurko azokan eztiak izan duen garrantzia. Hainbat ekoizlek eztia eta eztiarekin lotutako produktuak jarri dituzte erosleen eskura. Ukenduak eta txanpua bezalako produktu kosmetikoak izan dira horietako batzuk.

13:00ak aldera, Phinque eta Robert Larandaburuk, Jean Bordacharrek, eta Jean Pierre Lurok osatutako laukotea Seber Altube plazan jarritako oholtza gainera igo da kantaldia egiteko. Inongo anplifikaziorik gabe lau ahotsetara abestutako kanta sorta eskaini dute eta bertan zeuden ikusleek gogo biziz txalotu dituzte. Ondoren Portaloi taldekoekin batera Agur Xiberoa kanta abestu dute azoka erdian.

Jarraian bazkalaurreko poteoa egin dute denek batera eta Jai Zale tabernan elkartu dira bazkaltzeko. Eguna borobiltzeko, kultur poteoa egingo dute eta Herriko Plazako ekitaldiarekin amaituko dute Arrasatera egindako bisita aberasgarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak