Marife Nogales: "Aspalditik egin dut amets Rosinaren papera betetzearekin"

Ibon Carmona 2016ko urr. 15a, 12:00

"El Barbero de Sevilla" operak ikuskizuna eskainiko du datorren martitzenean, eta Marife Nogales mezzosopranoak Rosinaren papera beteko du.

Gioacchino Rossiniren El Barbero de Sevilla XIX. mendeko opera ezagun bat da, komedia musikalaren barruan sartzen dena. Bilboko ABAO elkarteak Euskalduna Jauregian eszenaratu zuen obra, eta orain, Ozenki elkarte arrasatearrak operako protagonista nagusiak Amaia antzokira ekartzea lortu du. Ikuskizuna datorren martitzenean izango da, 20:00etan hasita, eta sarrerak 30 eurotan salduko dira; oraindik sarrerek salgai jarraitzen duten arren (Arrasateko Udaleko webgunean), erdia baino gehiago saldu dituzte jada. Taulagainean arituko den protagonistetako bat Marife Nogales mezzosopranoa da. Abeslari andoaindarrak ibilbide luzea dauka opera arloan, eta obra honetan, Rosinaren papera betetzen du.

Zer aurkituko dute datorren asteartean Amaia antzokira joango direnek?

Publikoak Rossiniren opera ospetsuenetariko batez gozatzeko aukera izango du, opera bufen artean ezagunetakoa dena. Oso ikuskizun dibertigarria da. Musika energia positiboduna, freskoa, eta alaia izango da, melodia ederrez lagunduta joango dena.

Nola definituko zenuke operaren argumentua?

Kulebroi tankerako nahaste borraste bat dirudi; izan ere, pertsonaiak izaeraz aldatu egiten dira. Operak Figaro bizarginaren istorioa kontatzen du, Almavivako kontea eta Rosina gazte sevillarra ezkonduarazten laguntzeko plan bat abiaraziko duena. Plana oinarritzen da Rosina bere etxetik aske uztean; izan ere, bere tutore eta ezkongai den Don Bartolo maltzurrak neskatxa giltzapetua dauka.

Nola eramaten da aurrera hainbeste jendek parte hartzen duen entsegu bat? 

Entseguak sail ezberdinetan banatuz egiten ditugu. Egia esan, lantalde jendetsua daukagu. Interprete nagusiekin batera, operak 40 profesionalez osaturiko orkesta bat dauka, bere zuzendari eta Donostiako Sasibil lirikako koruarekin batera. Horrez gain, muntaia, atrezo, eta jantzitegiko arduradunek, besteak beste, gainerako lantaldea osatzen dute; 100 bat pertsona guztira.

Hainbat ikuskizunetan parte hartu duzu, baina oraingo honetan, opera ezagun batetako pertsonai printzipal baten paperarekin. Zer sentitzen da?

Erantzukizun handia, baina, aldi berean, ilusio eta poza. Modu serioan kantua ikasten hasi nintzenetik, Rosina nire pertsonaia gustokoenetariko bat izan da, eta beti egin dut amets paper hori betetzearekin. 

Nola ikusten duzu operen egoera Euskal Herrian?

Kalitatezko egitarau eta proiektuak egiten dira. Bilboko ABAO elkarteak, esaterako, urteak daramatza opera denboraldiak antolatzen, eta, krisiari aurre eginez, aurrera egiten jarraitzen dute esfortzu eta ilusioarekin. Momentu honetan, ABAOko opera denboraldia estatuko garrantzitsuenetakoa dela esan daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak