"Ez da erraza asmatzea Gobernu Taldea daraman aliantzarekin. Baliteke antolakuntza txarra izatea, metodologia falta edo kudeaketa inprobisatua. Osoko Bilkura baino aste bat lehenago, EAJ-ak egoera nahastu zuen berriz ere, tasa eta zergak %2-an igotzeko erabakiarekin.
Bilkurako egunean bertan alderdi politikoek ez genekien zehazki nola izango zen 2017-ko ordenantza fiskalen proposamena. Jeltzaleek ez gaituzte beste alderdiok informatu izandako negoziaketen gainean. Bide kaxkar hau jarraituz, bozketaren momentuan bertan gardentasun falta salatuz (begi bat Gasteizen, abisua botaz), PSE-k abstentzioarekin mehatxatu zuen bere gobernukidea, ordenantzen onarpena kilikan jarriz. Elkarlan eta Arrasateko hiritarrekiko errespetu falta ohitura bilakatzen ari da PSE-PNV koalizioarekin.
EAJk aurkeztutako proposamenaren xedea udalak sarreretan izango duen galera tasak eta zergak %2-an igoz orekatzea da, zerbitzuetan eta erabiltzaileetan izango duen eraginari garrantzitik eman gabe eta sakontasunez aztertu gabe. Arrasatear guztiei presio fiskala %2-an igotzea ez da arrazoizkoa, gutxien dutenak proportzionalki eskerga handiago jasango baitute poltsikoetan.
Ordenantza fiskalek eragin zuzena dute hiritarren ekonomietan. Kudeaketa serio bat behar dugu, planifikatua eta parte hartze zabalagoaz non alderdiok informazio guztiarekin elkar lan egin dezagun, eta are gehiago, arrasatearrei kontsultatuz. Logika erabiliz, zentzu eta justizia sozialeko neurriak ezarriz, borondate politikoa mahai gainera ekartzea da gure lana, baliabide gutxien duten familien babesa lehentasun izanez".