Cielo Raso konpainiak 'Tormenta' dantza garaikide ikuskizuna aurkeztuko du

Ibon Carmona 2016ko ira. 30a, 14:00
Cielo Rasoko dantzari bat "Tormenta" ikuskizunean.

Konpainia donostiarraren ikuskizuna bihar izango da (19:30) eta sarrerak Amaia antzokian eta Arrasateko Udaleko webgunean egongo dira salgai.

Cielo Raso dantza garaikide konpainiak emanaldia eskainiko du bihar Amaia antzokian. Konpainiak bere azken lana aurkeztuko du: Tormenta. Igor Calongek zuzentzen du obra, sorkuntza garaikidearen panoraman finkatu den donostiarra, eta Espainiako Areto Alternatiboen Sarean sartua dago; gainera, Estatu eta Europa mailako hainbat jaialditan hartu du parte.

Ikuskizuna 19:30ean hasiko da eta sarrerek 10 euroko prezioa izango dute; hauek Amaia antzokiko leihatilan eta Udalaren webgunean egongo dira eskuragarri.  

 Emozioak hizpide

Ikuskizunaren gaia emozioen hauskortasuna da; izan ere, erauntsi emozionalek ekaitzak sortzen dituzte zenbaitetan; hortik Tormenta izena. " Emozioekin egiten dugu lan, eszena ezberdinen bitartez ikusleen hunkiberatasuna bereganatuz. Obrak bi alde ditu, hauskortasuna eta sendotasuna. Hauen arabera, gainerako guztia hitzik gabeko mugimenduak dira, eta, hitzik gabe, nork bere konklusioa atera dezake", adierazi du Igor Calongek.

Amaia Udal Antzokiko taula gainean hiru dantzari arituko dira: Leire Otamendi, Gorka Gurrutxaga eta Marti Guell, hain zuzen ere. Hauek Johann Paul von Westhoff konpositore alemanaren pasarte musikalak dantzatuko dituzte, besteak beste, elkarren arteko eszena ezberdinak interpretatuta. Eszenografiari dagokionez, Calongeren beste obra batzuekin alderatuz, material fisikoa ez da  hain ugaria izango; dantzariek erabiliko duten objektu bakarra edalontziak izango dira.

Mugalariak programaren parte

Espektakuluaren sortze-prozesuak Donostia Kulturak eta Donostia 2016k antolatutako Mugalariak proiektuaren bigarren edizioan hartu zuen parte . Proiektu honen bitartez, Hego Euskal Herriko eta Akitaniako antzoki eta kultur zentroek ateak irekitzen dituzte, sorkuntza-fasean dauden dantza zein antzerki proiektuak barrutik ezagutzeko.

Tormenta-ren kasuan, sortze-prozesua Hendaiako Mendi Solan kultur zentroan eta Donostiako Gazteszenan garatu zen. “Bi hilabetez, ikusleak produkzio fasea modu aktibo batean jarraitzeko aukera izan zuen. Jendearen erantzuna oso ona izan zen, bi tokietan ikusle komunitateak izan genituen eta. Hauek ikuskizunaren prozesu guztian zehar egon direla esan daiteke”, gehitu du zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak