Martxan da berriro Auzoko, jende berria erakartzeko gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 30a, 11:42
'Auzokoak' dokumentaleko une bat, Arrasateko Azoka Plazan.

Euskara, aniztasuna eta herritarrak batzen dituen Auzoko egitasmoa gertu dago ikasturte berrirako. "Aniztasuna aitortuz, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa erabiltzeko proposamena da", diote Ekin elkarteko ordezkariek. Jende berria erakarri gura dute; hurrengo hitzordua da Auzokoak dokumentalaren proiekzioa, urriaren 10ean.

Duela hiru urte hasi zen Ekin Emakumeak elkartea Auzoko proiektua gauzatzen. Auzoko euskara, aniztasuna eta herritarrak barnebiltzen dituen egitasmoa da: "Aniztasuna du oinarri, Euskal Herrian eta Arrasaten dagoen errealitateaz jabetuz, herritarren arteko elkar ezagutzarako une, gune eta aukerak sortuz. Aniztasuna aitortuz, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza gisa erabiltzeko proposamena, praktikara eramaten duen egitasmoa da".

Euskara pertsona orori eskaini

Ekin elkarteko ordezkarien arabera, egungo elebitasuna gainditu eta euskara "guztien arteko komunikazio eta kohesio hizkuntza" izateko, harremanak bultzatu behar dira: "Ezberdinen arteko harremanak, hain zuzen ere. Euskara pertsona orori eskaini behar zaio eta, era berean, lehen hurbiltze hori erraztu; auzoan, kalean, egunerokotasunean… Hau da; herrian eta herritarren artean, lortu nahi dugun bizikidetzarako euskara baliatuz".

Harremanetan jartzeko

Informazio gehiago eta zehatzagoa nahi izanez gero, egokiena da Ekin Emakumeak Elkartera (Pablo Uranga 4, behea ) gerturatzea edo deitu 943 79 83 70/ 651 70 79 36 telefono zenbakietara deitzea. "Plazer bat izango da zurekin gure proiektua konpartitzea", adierazi dute.

Urriaren 10ean, dokumentalaren proiekzioa

Esku artean duten proiektuaren berri emateko Auzokoak dokumentalaren emanaldia antolatu dute urriaren 10erako; Kulturateko Jokin Zaitegi gelan izango da, 18:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak