Xabi Solano (Esne Beltza taldeko abeslaria eta trikiti-jotzailea): "Gaur egun edozein herritan ikas daiteke trikitia jotzen"

Ibon Carmona 2016ko ira. 23a, 13:48
Esne Beltza Sound System zuzenekoa ematen.

Ospakizun ekintzak udaberrian hasi arren, Arrasateko Trikitixa Eskolak 25. urteurrena ospatzen jarraitzen du. Gaurkoa iraileko hirugarren ekitaldia izango da, eta, hasiera batean, azkena; izan ere, gaur betetzen dituzte 25 urteak. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta aurretik eskolako ikasleek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar. Solanorekin batera,  Esne Beltzako bere taldekide Zigor DJak osatzen du taldea.

25 urte ez dira egunero betetzen. Trikiti irakasle batentzat pozgarria izango da noizbehinka horrelako albisteak entzutea? 

Noski. Sekulako ilusioa egiten dit. Hain justu, Arrasateko eskola ezaguna da niretzat eta bertako jende asko ezagutzen dut. Duela hamabost bat urte, Etzakiteko trikitilaria nintzela masterclass bat eman nuen bertan. 

Zure kasuan, nola ezagutu zenuen trikitia?

Aita trikitizalea da. Gaztea nintzela Aiako Aristerrazu trikiti plazara eraman ninduen; han domekero erromeria egoten zen eta egun hartan Laja eta Landakanda zeuden taula gainean. Horiek izan ziren ikusi nituen lehen trikitilariak, eta nahiko txundituta geratu nintzen han bizi izandakoarekin.

Nola deskribatuko zenuke trikiti eskolen egungo egoera?

Bere garaian leku gutxitan erakusten zuten trikitia. Orain, zorionez, edozein herritako musika eskoletan dago hau ikasteko aukera. Buruhausteak instrumentua irakasteko momentuan agertzen dira; horretarako era ezberdinak daude, eta, nire ustez, egokiena hauek adostea izan beharko litzateke. 

Eta etorkizuna?

Itxura oso ona dauka. Egun, haur eta gazte askok modu txundigarrian jotzen dute trikitia. Gainera, kontzertuetara jende dezente gerturatzen da, eta gehienek dena ematen dute bertan. Horrek poz handia ematen du. Edozelan ere, badago zer hobetu; eskola askotan, ikasleei irakasten zaizkien kanten errepertorioa nahiko mugatua izaten da. 

Zer esango zenieke trikiti eskoletako ikasle hasiberriei?

Batetik, abestiak ongi ikas ditzatela. Ikasle hasiberri askok pentsatzen dute gero eta abesti gehiago jota orduan eta gehiago ikasten dutela, eta hori ez da horrela. Nire ustez, gehiago ikasten da abesti bera behin eta berriz entseatuta. Horretaz aparte, disfrutatzeko esango nieke, trikitia gustuko badute, behar duten denbora hartuta.

Trikitia edozein musika estilorekin nahas daiteke?

Bai, noski. Askotan, trikitia eta euskal musika terminoak nahastu egiten dira. Ez dugu ahaztu behar trikitia instrumentu bat dela. Instrumentu batek mundu zabala dauka, eta ez da bere jatorrizko herrialdera bakarrik mugatzen. 

Zer aurkituko dute gaur herriko plazara joaten direnek?

Esne Beltza eta Etzakit taldeen zenbait abesti beste modu batean joko ditugu, DJaz gain, trikiti eta gitarra akustikoaren doinuekin. Nire ibilbide musikala ezagutzen duenari, hainbat kanta ezagun egingo zaizkio. Instrumentu aitzindari bat berri batekin nahasten dugu. Sekulakoa da zer ongi geratzen den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak