"Lan handia eskatzen digu astero, baina lan atsegingarria izaten da, eta zaleek eta baita musikariek ere interesa dutela erakusten jarraitzen dute. Zazpigarrena izateak, baina, neurri baten, errespetua sortzen du. Hasierako lantalde bera gara, baina jende berria hurbildu izan zaigu laguntzeko prest dagoela esanaz, eta, duda barik, oso positiboa da hori", azaldu du Iker Barandiaranek, Kooltur Ekintzak taldeko kideak.
Oinarrian, orain arteko egitura bera jarraituko dute: gaztetxean, eguenetan, 22:00etan, talde bakarreko emanaldiak eta sarrerak bost eurotan. "Hala ere, berrikuntzak sartzeko asmoa ere badugu. Oraindik guztiz erabakita ez badugu ere, baliteke gaztetxeko emanaldien denboraldia lehenago bukatzea aurten -Aste Santuaren bueltan, gutxi gorabehera- eta ondoren, kanpora -herriko txoko ezberdinetara- eramatea Koolturren eskaintza". Oraingoan ere, Maritxu Kajoi egunaren bezperan abiaraziko dute ikasturtea.
Hasteko, Señor No
Talde indartsu batekin hastea gustatzen zaie, eta aurten Señor No taldearen rock-and-roll basatia aukeratu dute. "Xabi Garrek gidatzen duen laukotea iaz ere gurean izan zen. Kaleratu berri zuten A veces no diskoa aurkeztu zuten orduan. Arrasaten eta, orokorrean, Debagoienean zale asko dituen taldea da, eta, beraz, egokia iruditu zitzaigun aurtengo lehenengoak eurak izatea".
Afrikako doinuak, Gasteiztik
Publikoa dantzan jartzeko asmoarekin etorriko da urriaren 13an Gasteizko Muchachos Afrobeat Band. "Zazpi kide dira eta askotariko estiloak nahasten dituzte: musika afrikarra, Etiopiako jazza, cumbia... Guretzat talde ezezaguna zen arren, estilo bera jorratzen duten Gasteizko beste hainbat talde izan dira aurrez".
Petti taldearekin, gaztetxean
Aspaldi zuten Nafarroako musikaria Kooltur Ostegunera ekartzeko gogoa. "Garai baten Xabi Señor Norekin etorri zen elkarrekin zuten proiektua aurkeztera. Garai baten Debagoienean sarritan jotzen zuela-eta erreserban gordeta genuen. Une egokia iruditu zaigu orain, Iñigo eta Igor Telletxearekin eta Joseba Irazokirekin batera atera duen lan berria Arrasateko gaztetxean ere aurkezteko".
Guatemalako rap feminista
Soziologoa eta poeta da Rebeca Lane eta anarkismoa da bere aukera. "Iaz izan genuen Furia raperoaren bitartez dator. Emakumeenganako injustiziei buruz kantatzen du eta gerra zibilaren gainean ere asko du esateko".