Hitza lehendabizi Juan Ramon Garaik hartu zuen Intxorta 1937 kultur elkartearen izenean. Aipatu zuen: "Liburu hau aurkeztea proposatu zigutenean, berehala etorri zitzaigun burura zer hartu-eman egon den Arrasate, Bergara eta Cuevas del Valle herrien artean duela mende batetik hona. Izan ere, Cuevastik Arrasatera jende asko etorri izan da lanera".
Arrasaterekin zerikusia
Cuevasko herritar asko Anglo-Vasco-Navarro trenbidea eraikitzera etorri ziren. "Honen ondoren, harreman horrek jarraitu zuen kolpe militar faxistari egindako erresistentziarekin, zeinetan bi herrietako pertsona batzuek borrokatu zuten, hil zituzten, eta erreprimitu horregatik. Hala, Felipe, Rogelio eta Anastasio Garcia Lumbreras anaiak, Elman langile ibili zirenak, Dragones batailoiko miliziano izan zirenak, gerran hil zituzten. 50eko hamarkadan Arrasatera etorritako Covacheroak lanean eta borroketan berriz hasi ziren Dragones batailoian ibilitako mondragoetarrekin batera. Union Cerrajeratik bidalitakoak hauek…", aipatu zuen Juan Ramon Garaik.
Santos Jimenez idazleak, berriz, adierazi zuen gizon eta emakume nagusiekin egindako elkarrizketetatik ateratako lana dela Covalverde. Etxe askotara sartu zela, tomate, gaztaina, pikuak, eta ardoaren inguruko berbaldiaz, eta poliki-poliki gerrako pasarteak batu zituela. "Kontalari gehienak hilda daude; izan ere, urte asko eman ditut honekin. Gordetako istorioak, ahaztutakoak dira. Ez jakintasuneko historia berreskuratzearren, belaunaldi berrientzako egina da".
Hainbat pasarte eta istorio kontatu ondoren, bukatzeko, solasaldia sortu zen aretoan zeudenen artean eta hainbatek erositako liburuak sinatu zituen egileak.