Xabier Zabala (Konpositorea eta musikaria): "Asko zor diot, duda barik, 'Maite zaitut' kantuari"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ira. 16a, 10:00

Musikagintzan eskarmentu handia duten Asier Gozategik eta Xabier Zabalak euren bizipenak kontatuko dituzte gaur, egubakoitza, Kulturateko areto nagusian, 19:00etan. Arrasateko Trikiti Eskolaren eskutik datoz.

Zure izena sarritan ezkutatuta geratzen den arren, zure izana musikari askoren lanean aurki daiteke.
Gure lana hori izaten da; bigarren mailan geratzen garen musikariak gara. Lan oso ezberdinak egitea tokatzen zaigu, baina ni oso eroso sentitzen naiz posizio horretan. Egunero ikasten ari naizen sentsazioa dut.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak aspaldiko lagunak dituzu.
2002. urtean hasi ginen elkarrekin lanean eta dagoeneko hamasei bat disko argitaratu ditugu.


Hain zuzen ere, Garate estudioan topatu zaitugu, pailazoen azkeneko lana grabatzen. Zelakoa da?
Aurtengoa ere disko bikoitza da: ikuskizunera bideratutakoa da bat eta bestea, berriz, oraingoan omentzen dugun pertsonaiaren ingurukoa da. Lehenengorako konposizio guztiak nik egin ditut eta bestean, berriz, kantuen konponketak. Esango nuke izan behar duen formula mantentzen duela azkeneko lan honek ere; disko alaiak eta biziak egiten saiatzen naiz urtero.


Zein da zure irizpidea haurrentzako edo helduentzako kantuak egiterakoan?  
Ez dut desberdintasunik egiten, normalean; norentzako den baino zertarako den begiratzen dut gehiago, bereziki, zuzenekoetarako direnean. Sarritan joaten naiz pailazoak ikustera, asko laguntzen didalako hurrengo lanetarako. Pailazoendako egiten ditudan diskoak produktu familiar bat bezala planteatzen ditut;  abiapuntua umea den arren, denen gustuko diskoak egiten saiatzen gara. Era berean, kantuek pertsonaiekin enpatia izaten ahalegintzen naiz.


Konpositorea, musikaria... nola definitu beharko genuke Xabier?
Haurra nintzela musika asko entzuten nuen; Elvis, bereziki.  Nire burua definitzea zaila egiten zait, musikan murgildu izan naiz-eta beti; eta konpositoreari esanahi sakonegia hartzen diot.

Kantu asko egin dituzu; horien artean, Maite zaitut ezaguna.
Asko zor diot, duda barik, kantu horri. Familia bereko hiru belaunaldi kantua partekatzen ikustea, guretzako, hori da saririk onena.

Enkarguz egiten duzu beti lan?
Gehienetan, bai; batzuetan, konposizioa bakarrik izaten da; beste batzuetan, grabaketa egin eta diskoa sortzea; soinu bandak...

Gogoratzen duzu lehenengoa?
1997an Hik Hasi aldizkariarentzako egin nuen diskoa izan zen aurrenekoa.

Maixa Lizarribarrek esandakoa da: "Xabier Zabala dagoeneko ez dago plazetan, baina haren musika plaza guztietan dago". Zer diozu?
[Barre] Egia da! Soinu jotzailea naiz eta gaztetan Nafarroako herri txiki askotara joaten nintzen. Geroago, Basakabi taldearekin erromeriak... Gaur egun, Kaabestri Ensemblerekin egiten ditut zuzeneko batzuk. Gustatzen zait jendearen aurrean jotzea.

Urte asko daroazu musikagintzan; zelan ikusten duzu egungo egoera?
Uf... industria dago dagoen moduan, baina ez bakarrik musika alorrean. Negozioari baino  gehiago, kreatibitateari begiratzen diot. Euskal Herrian izugarrizko sormena dago; musikari asko eta oso onak daude. Gertatzen dena da, baina, ez dela erraza musikagintzatik bakarrik bizi izatea.

Arrasatera Asier Gozategirekin zatoz; zer diozu hari buruz?
Asier eta haren taldea sekulako erreferentea izan dira niretzako.  Miresten dudan pertsona da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak