Arrasateko Udalak Muzibar-San Frantzisko hiri tartea berrantolatzeko erakusketa ireki zuen irailaren 13an Kulturaten.
Aurretik Udalak batzarrak egin zituen Zarugalde eta Otalora Lizentziaduna kaleetako bizilagunekin Muzibar-Arbolapeta zatia antolatzeko proposamenak jasotzeko. Bertan bi ondorio nagusi atera zituzten: Lehena, 21 proposamen gehiegi zirela eta aukera gutxiagorekin hobeto plasmatuko zela herritarren iritzia. Bigarrena, erabaki egokiak hartzeko beharrezkoa zela ikuspegi zabalago bat hartzea, Muzibarretik San Frantzisko elizako biribilguneraino.
Hori kontuan izanik diseinatu zuten erakusketa berria. Aurretik aurkeztutako 21 proposamenetatik zazpi bozkatuenak aukeratu dira, eta bizilagunek aurkeztutako beste bi ere gehitu zituzten azken egunetan.
Bederatzi proposamen nagusien artean hiru tendentzia nagusi nabarmentzen dira: aparkaleku gehiagoren alde egiten dutenak, Zarugalde kalea oinezkoentzat izatearen alde egiten dutenak eta erreka ahalik eta gehien bistaratzearen alde egiten dutenak. Orokorrean aukera guztietan oinezkoen alde egiten da, espaloiak zabaltzen direlako. Aukeretako batzuek berrikuntza nabarmenak planteatzen dituzte, adibidez, Monterron azpiko belardian 100 lurpeko aparkaleku egitea, edo San Frantzisko elizako biribilgunea desagertzea.
Erakusketa gaur, hilak 28, itxiko dute. Bisitatu ahalko da 18:00etatik 20:30era.