Entrenamenduak hasi besterik ez dituztela azaldu du Josu Larreategik eta hori igarri egin dela nabarmendu du: "Oraindik hiru entrenamendu egin ditugu soilik eta gaur igarri egin da hori. Lehen zatia nahiko parekatua izan da eta hor izan gara; baina azkenean ezin". Lehen laurdeneko emaitza: 15-14; bigarrenean: 28-33; hirugarrenean: 48-52 eta laugarrenean: 53-72.
Aurten gainera, jokalari berriak ditu MUk. "Gure erritmora ohitu gabe dauden jokalari gazteak ditugu eta hori ere igarri egiten da. Baina, beno, Euskal Kopako partidua lagun arteko partidua da eta guretzako garrantzitsuena liga da eta liga mantentzea", argitu du Larreategik.
Easoren aurkako zapatuko partidua "entrenamendu ona" izan dela gaineratu du. Gainera, ligako partidua ere Easoren aurka jokatuko dute urriaren 10ean.
Kategoria mantendu
"Aurten bi urte hauekin alderatuz, liga zailagoa izango da guretzako. Jokalari gazteak ditugu-eta; denendako jo-muga izango gara baina gure helburua EBA mailari eustea da". Izan ere, jokalari gazte eta berri horietako bat da Mario Madinabeitia Gasteizko jokalaria. "Liga honetan esperientzia falta zaion jokalaria da Mario; baina, ilusio handiz dator eta lan egiten saiatuko gara".