Oraingoan ere sarrerak di-da baten saltzen ari zarete.
Domekan jarri genituen salgai eta dagoeneko edukieraren erdia baino gehiago agortuta dago. Oraindik oporretan dauden ohiko ikusleen eskaera asko jasotzen ari gara.
Zergatik aukeratu duzue honako hori?
Aspaldi Arrasatera ekartzeko gogoa genuen. Zale gehienentzako handienetako bat da, baina azpiegitura handia eskatzen du, eta hortxe zailtasuna. Maiatzean Bilboko ABAO elkarteak Euskaldunan taularatu zuen obra hori, eta orduan lotu genituen Arrasatera etorriko diren artista gehienak.
Izen handiko abeslariak, beraz.
Halaxe da, bai. Protagonisten roletan honakoak daude: Marife Nogales (mezzo-sopranoa) Rosina izango da; Bartoloren azalean, Alberto Arrabal; Figaro, Valeciano Arturo Pastor (baritonoa); Pablo Antonio Martin (tenorea) Almavivako Kondea izango da; eta Jose Antonio Garcia kanariarra, Basilio. Horiekin batera Donostiako Orkestra lirikoa eta Sasibill abesbatza izango dira.
Zelako obra da?
Bi ekitalditan banatuta dagoen opera bufoa edo komikoa da. Musika arloko komediarik garrantzitsuena izan da historian zehar. Nola ez, maitasun istorio bat du oinarri, eta abesti oso ezagunak batzen ditu; obertura, horien artean.
Zer diozu autoreari buruz?
Oso emankorra zen, urtean gutxienez pare bat opera idazten zituen. Honakoa hamahiru egunetan egin zuela zioen.