Enek Fernandez oharra osorik:
"Arrasateko EH Bilduko kideok harriduraz irakurri ditugu Ander Garai Kirol zinegotziaren hitzak prentsan. Izan ere, ez da ohikoa Plan estrategiko baten emaitzak aldez aurretik lau haizetara hedatzea.
Plan batek analisia, konparazioa, hausnarketa eta proiekzioa behar ditu, helburu eta pauso zehatzetan gauzatuko direnak. Ahalik eta metodologia parte hartzaileenaz egina bada hobe, zinegotzi, teknikari, klub, erabiltzaile, eragileak... aintzat hartuko dituena. Analisia, ikusteko kirolak ze behar dituen Arrasaten, osotasunean. Konparazioa, herri proiektu ezberdinekin, kiroldegi txukunak dituzten Tolosa eta Hondarribia baino harago. Hausnarketa, baliabideak eta helburuak ondo ezartzeko, ez dugu xahutzeko betarik eta. Amaieran proiekzioa, eginiko plana zabaltzeko, eta ebaluagarriak diren helburu eta neurri zehatzak.
Harritu gaitu plana egin aurretik ondorio nagusiak ezartzea. Horrek balioa kendu ahal dio parte hartze prozesuari. Ez dugu esaten kiroldegi berriaren aurka gaudenik, baina mira irekiz jokatu nahi dugu. Kirola eta kirolariak zentzu zabalean ulertuaz. Izan ere, kiroldegi plana baino kirol eredua definitzea da lehen pausoa eta berau gauzatzera eramango gaituzten neurri ezberdinak ezartzea: ze erabilera emango diegu kiroldegiaz kanpoko auzoetako parke, frontoi eta kirol kantxei? Zer eskainiko diegu kiroldegitik kanpo kirola egiten duten edo egingo luketen milaka herritarrei?
Kiroldegiaren eraikina 'gaixo' dago. Badakigu goiz ala berandu neurriak hartu beharko direna, baina kiroldegia ez da denaren soluzioa. Lehendabizi kudeatu dezagun dugun hau behar bezala. Pertika jauzilarien koltxonetak ez du eraikinaz zerikusirik. Gimnasioko makinen egoera kaxkarrak ez du zerikusirik eraikinarekin. Ezta kirol elkarteentzako 2015eko diru-laguntzak oraindik guztiz banatu gabe egoteak. Adibide batzuk jartzearren.
Bestalde kontuan hartzeko inbertsioa ere bada kiroldegiarena, ez da bromatan hartzekoa. Diru-zorroa zabaldu aurretik hobe sosak nola gastatzea argi izan, kirolean eta herri mailan.
Kirolaz eztabaidatzeko desiratzen gaude herritarrekin eta kiroldegiaren erabiltzaile diren zein ez diren klubekin. Baina ez dezagun eztabaida kamustu eta bideratu hasieratik".