Ez da posible izan, jauzi-hirukoitzean laugarren postuan amaitu zuen atzo Iñigo Uribarrenek. Proba irabazteko faborito nagusia, Pablo Torrijos, deskalifikatu egin zuten. "Onena kanpoan geratuta ederra zen aukera, baina ez zen posible izan. Eguna ez duzunean, zure markatik metro erdira geratzen zara", adierazi du Jonathan Perezek. 15,71 metroko marka egin zuen atzo; marka pertsonala 16,13 metrotan dauka. Urrezko domina eraman zuenak, Jose Palomanesek, 15,96 metroko marka egin zuen: "Iñigo marka horren bueltan ibiltzen da, baina atzo ez zen eguna".
Carrascal, ikastera
Eneko Carrascalek, horren gaztea izanik, ikasteko asmoz joan zen Gijonera. Bada, Espainiako Txapelketan bere markatik oso gertu ibili zen: 14,83 metro. "Hamargarren postuan amaitu zuen, oso ondo dago", dio Perezek.
Dapena, "oso ondo"
Bestalde, pertika-jauzian, Istar Dapena "oso ondo" ibili zela dio Perezek: "Bere bizitzako bigarren markarik onena egin zuen, 5,16 metro. Laugarren postua lortu zuen, oso pozik egoteko modukoa da. 5,26 metrotan jarri zen langa, eta gertu ibili zen. Baina ezin. Gainera, arazo batzuk izan zituen bikietan; baina ikusgarri aritu zen". Urrezko dominaren irabazleak 5,51 metroko jauzia egin zuen.
Axpe eta Ruiz de Azua, gaur
Ez da hor amaitzen atleta arrasatearren ordezkaritza. Izan ere, gaur 18:45etik aurrera lehiatuko dira Malen Ruiz de Azua eta Maialen Axpe. Ruiz de Azuak bi helburu izango ditu: domina irabazi eta marka pertsonala hobetu. Axpek ere podiumean egoteko saiakera egingo du.