Aurreko domekan, Mojategin egindako entrenamendu saio libreetako izarretako bat Istar Dapena izan zen. 5,20 metroko pertika-jauzia egin zuen, sasoiko dagoela erakutsiz. Hori horrela, "gogotsu" doa Gijonera "Disfrutatzeko asmoz joango da. Bi helburu diru: sailkapenean postu ona lortu edo marka pertsonala hobetu", esan du Jonathan Perezek. Dapenak, ekain bukaeran, brontzezko domina lortu zuen Lurraldekako Espainiako Txapelketan. "Gijongo txapelketa saria da Istarrendako", azpimarratu du Perezek. Zapatuan, 19:00etan, lehiatuko da.
Ruiz de Azua eta Axpe
Malen Ruiz de Azua eta Iñigo Uribarren dira dominak janzteko aukera handiena dutenak. Pertika-jauzian lehenak, eta salto-hirukoitzean bigarrenak. "Domina da euren helburu nagusia. Dominaren kolorea da ezagutzen ez duguna", esan du entrenatzaileak.
Bere kategoriako Espainiako Txapelketa irabazi ostean, sasoiko eta anbizio handiarekin dago Ruiz de Azua. "Aurreko domekan egindako testaren emaitzak oso onak izan ziren. Domina eta marka pertsonala eskura ditu. Baina, atletismoa ez da matematika hutsa, eta, egunean bertan sor daitezkeen egoerak ere kontuan hartu beharko ditugu", dio Perezek.
Naroa Agirre –hamargarren txapela jantzi gura du–, Carla Franch, Meritxel Benito eta Maialan Axpe dira podiumean sartzeko arerio nagusienak.
Axpe ere aurreneko lekuetan sailkatzeko lehian egongo da. Irailetik Bartzelonan entrenatzen dabil Axpe eta gogotsu eta ilusioz dago Gijongo txapelketara begira. Axpe eta Ruiz de Azua domekan, 18:45ean, lehiatuko dira.
Uribarren
Bi modalitatetan lehiatuko den arren –salto-hirukoitza eta luzera-jauzia– Uribarrenen helburua, salto-hirukoitzean, absolutu mailako lehen domina janztea da. "Bere kategoriako hainbat domina ditu, baina absolutu mailakorik ez. Aukera handiak ditu. 16,35 metroko saltoa dauka begiz jota. Hori izango da beste erronketako bat", esan du. Domina lortzeko bidean Pablo Torrijos, Emilio Bellido eta Alfonso Palomanes izango ditu kontrario nagusi.
Salto-hirukoitzeko lehia, zapatuan, 20:35ean, izango du. Bestalde, domekan, luzera jauzia egingo du. Helburu zehatz barik, disfrutatzeko gogoz egingo du salto Uribarrenek. "Saria da luzera-jauziarena. Ondo egiten du salto modalitate horretan. Espainiako Txapelketa bere burua epaitzeko aukera ona izango da".
Carrascal
Salto-hirukoitzean lehiatuko da baita ere Eneko Carrascal. Tbibilisen (Georgia) jokatutako Europako txapelketatik etorri berri, disfrutatzeko eta ikasteko gogoz jantziko ditu zapatilak. "Absolutu mailan lehiatzea saria da Enekorendako. Uribarrenekin eta beste hainbatekin lehiatuko da. Punta-puntako atletak ezagutzeko aukera izango du", aipatu du Perezek.
Europakoan bederatzigarren salto onena egin zuen.