Datorren aste bukaeran jokatuko dira aire libreko atletismoko Espainiako Txapelketak, maila absolutuan. Txapelketa horretarako entrenatzeko eta marka pertsonalak hobetzeko lan saioa egin dute, gaur arratsaldean, Arrasaten. Parte-hartze handiena pertika modalitatean izan da.
Malen Ruiz de Azuak ipinitako helburua bete du karrera motzarekin 4,20 metroko marka lortu baitu. "Urtea oso ondo joan da. Gaur karrera motzarekin 4'20 metroko jauzia eginda datorren asteko txapelketan 4,30 metrotik gora ibili daiteke", adierazi du Jonathan Perez entrenatzaileak.
Ruiz de Azua bera ere gogotsu dago Espainiako Txapelketarako: "Uste dut forma onean iristen naizela. Ea txapelketa egunean dena ondo ateratzen den, eta domina bat lortzea posible den". Iaz zilarrezko domina ekarri zuen arrasatearrak Espainiako Txapelketatik. "Aurten hortik ez jaisten saiatuko gara", esan du entrenatzaileak. "Une honetan hirugarren doa Malen eta ez da erraza izango, baina saiatu egin behar dugu".
Gaurko pertikako lan saioan izan dira baita ere Istar Dapena, Jonathan Perez edo Mikel Campon. Dapenak 5,20 metroko marka egin du, Camponek 4,90 metrokoa eta Jonathan Perezek 4,70 metrokoa.
Altuera-jauzia eta jauzi-hirukoitza
Altuera-jauzian hiru atletak hartu dute parte gaurko lan saioan: Iker Ugarte bergararrak, Mikel Agirre arrasatearrak eta Badajoztik etorritako Antonio Fuentesek. Ugartek marka pertsonala hobetzea lortu du: 1,68 metroko jauzia egin du.
Jauzi-hirukoitzean bi atletak hartu dute parte: Durangoko Jose Alberto Quintanok eta Burgosko Said Ben Aissak.