Izan ere, 1981eko sumario batean inputatu dute arrasatearra, beste kide batekin batera. Eta epailearen aurrean deklaratu eta bere kontrako akusazioa ukatu ondoren ere, Letonari ez diote jakinarazi Auzitegi Nazionalak zabaldutako prozedurak aurrera egingo duen ala ez.
Hori horrela, epaitegitik berriro ere deituz gero bertaratzeko obligazioa jakinarazita, eta Letonak hala egingo duela hitz emanda, –"orain arte egin dudan moduan", Letonak epaileari esan dionez– epaileak aske utzi du arrasatearra.
Edozein modutan, Letonak salatu du Auzitegi Nazionala ikertzen dabilen atentatuan ez dutela "inolako frogarik" bere parte-hartzea erakusten duenik, eta hau guztiau "mendekua" dela salatu du. "Dirudienez, sumario zaharrak zabaltzen ari dira", azpimarratu du, aditzera emanez, bere antzeko egoeran egon litezkeela etorkizunean beste batzuk ere.
Gehienezkoa beteta
Era berean, gogora ekarri du berak bete dituela legeak ezartzen duen gehienezko kartzela-zigorra, eta horrenbestez, eta zigor eskaera berririk balego, betetako kartzela-zigorraren barruan sartu beharko luketela; "hala ere, aske utzi eta berriro atxilotu nindutenean beste bost hilabete egon nintzen preso, beraz, barrura sartzen zaituztenean, sekula ez dakizu zer gerta daitekeen", esan du.
Tortura salaketa
Bestalde, Letonak oraingo akusazioa ukatzeaz aparte, epailearen aurrean salatu du 1987an atxilotu zutenean, berak deklaratutako guztia torturapean deklaratu zuela, salatu ere salatu zituela torturok, eta hala ere, oraindik ez dituztela ikertu.
Hain justu, Letonaren kasua da Eusko Jaurlaritzak eskatuta Paco Etxeberria auzi-medikuak zuzendutako torturari buruzko Tortura 1960-2013 txostenean identifikatutako 4.009 kasuetako bat.