San Joan gauaren ospakizunetan "arduraz eta kontuz" jokatzeko gomendioak eman ditu Diputazioak

Eneko Azkarate Laspiur 2016ko eka. 23a, 08:32

San Juan bezpera Arrasaten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak dei egin die "herritar guztiei" eta, bereziki, "antolaketa lanetan dabiltzan elkarte eta pertsonei", San Joan gauaren ospakizunetan "ardura eta kontu osoz" joka dezaten. Era berean gaurko gauerako gomendioak eman ditu eta babes zibileko kideek ematen dituzten aholkuak errespeta ditzaten eskatu die herritarrei.

Honako hauek dira gomendioak:

  • Surik ez piztu elementu hauetatik gertu: ibilgailuak, eraikinak, beirateak, gas hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak, edota landaredia.
  • Suaren ingurua garbi mantendu, zabaldu ez dadin.
  • Suan ez pilatu 4 metrotik gorako materialik.
  • Surik ez egin haize handia badabil.
  • Surik ez piztu likido sukoirik erabili. Papera edo lasto zaharra erabili. Ekidin ehunak, plastiko birutak edo konfetiak, haizeak mugitu baititzake.
  • Ez bota sura piroteknia objekturik, eta gertu ere ez eduki. Ezta spray, ontzi, lata, neumatiko, zabor edo plastikorik ere –ke toxikoa sortzeko arriskua-.
  • Pertsona heldu bat egon dadila beti sua gainbegiratzen.
  • Prebentzio neurri gisa, prest eduki su-itzalgailu bat edo ur mangera bat.
  • Jaia bukatzean, egiaztatu ez dela txingarrik edo hausberorik, ura, harea zein lurra erabiliz horretarako. Norbere ardura da sua itzaltzea.
  • Ezbehar edo larrialdirik izanez gero, 112 telefonora deitu –SOS Deiak-.

Imanol Lasa Gobernantza eta Komunikazioko diputatuak adierazi du, bestalde, su artifizialak aurreikusita dauden herrietan -Arrasaten, biharko, egubakoitza, daude aurreikusita 23:00etan, Santa Barbaratik, Astondoa pirotekniaren eskutik-, erreten berezia egongo dela, eta Gipuzkoako suhiltzaileen 8 parkeak "adi eta prest" egongo direla edozein egoeraren aurrean.

Diputatuak adierazi duenez, oro har, jendeak arduraz jokatu ohi du gau honetan eta, hain zuzen, suhiltzaileen esku-hartze kopurua ez da aparte igotzen –iaz irteera bakarra eduki zuten, Irunen piztutako su bat zela-eta-.

Edonola ere, berretsi du "oso garrantzitsua" dela goian aipatutako gomendioei jaramon egitea, iaz Pasaian eta Zarautzen gertatutako ezbeharren –bost zauritu eta zauritu bat, hurrenez hurren-, eta 2013an Saguesen (Donostia) izandako sustoaren –zauriturik gabe- tankerakoak ez errepikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak