Arrasateko musika eta dantza taldeek parte hartu dute, eta baita arrasatearrek ere. Euria protagonista izan da, tamalez, baina hala ere arrasatearrak ez dira kokildu, eta kalera irten dira jolas-dantzarekin gozatzera. Euriagatik Sebero Altube plazan ezin izan dute dantza gauzatu, baina Biteritik herriko plazara abiatu dira.
Batzen du izena jolas-dantzak, eta aurrekoetan bezala herriko kultur taldeekin elkarlanean sortu du Jose Ramon Vitoriak. Bertan parte hartu dute: Arrasate Musikaleko Bandak, Arrasateko Gaiteroek, Arrasateko Txistulariek, Arrasateko Trikitilariek, Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz Dantza taldeek eta Portaloi Elkarteko Herrixa Dantzan-eko partaideek.
Jose Ramon Vitoria oso gustura gelditu da emaitzarekin: "Errepikatzeko konpromisoa hartu dugu musikariek eta dantzariek. Eguraldia ez dugu lagun izan, eta pena bat izan da. Hala ere, jende pila bat batu da, eta ondo pasatu dugu. Arrakastatusa izan dela uste dut. Herritarrekin lan egiteko aukera bikaina izan da".