San Juan jaiak 2016

Eguzkilaru: "100 umerekin antolatu dut etorrera eguna"

Leire Kortabarria 2016ko eka. 17a, 14:28

Eguzkilaru, umez inguratuta.

Eguzkilaruk 20 urte ditu aurten; 1996an hasi zen herriko haur eta gaztetxoak alaitzen; hori ospatzeko, elkarrizketa egin diogu.


Dena gertu berriz ere Arrasatera etortzeko?
Bai, dena prest, eta gogotsu nago. Aurten, gainera, Arrasateko haurrek lagundu didate eguna antolatzen. Izan ere, apirilean Arrasateko kaleetatik ibili nintzen haurren iritzi eta ideia berriekin 2016ko Eguzkilaru eguna antolatzeko asmoz. Aurten bereziki oso pozik nago Eguzkilaru eguna 100 umerekin batera antolatu baitugu.
Nola etortzen zara Arrasateraino?
Ez naiz etortzen; Arrasateko zeruan bizi naiz Iretargirekin batera. Aurten tirolina jarriko dugu; beraz, bertatik jaisten ahaleginduko naiz.
Dagoeneko urte mordo bat Arrasateko jaietan parte hartzen. Zenbat, zehazki?
Oraindik gaztea naiz: 20 urte ditut. 1996an hasi nintzen herriko haur eta gaztetxoak alaitzen. Eta oraindik gazte ikusten dut nire burua; beraz, urte askotan jarraitzeko asmoa daukat.
Zer gustatzen zaizu zuri gehien jaietatik?
Sanjuanak suaren eta dragoiaren laguntzaz hastea asko atsegin dut; dantza pixka batekin, herria alaituz kolore ezberdinetako munduak sortzeko aukera dago jai hauetan. Haur eta gaztetxoek Arrasaten egun horietan sortzen diren mundu ezberdinak koloreztatzen dituzte eta nik beraiekin gozatzen dut.
Aurtengo ekintzetatik zein gomendatuko zenieke bereziki haur eta gaztetxoei?
Dena probatzea gomendatuko nuke, dena esperimentatzea, esperimentatuz gozatzen baita.
Hunkigarria izango da zuretzat Arrasateko umeek ongietorria egiten dizuten momentua, ezta?
Beraien eguna beraien irribarre batekin hastea oso hunkigarria da. Haur eta gazteen besarkadek indarra ematen didate eguna indarrez hartu eta gozatzeko.
Zu etorri eta berehala, makal txikia jasoko da, trikitilariak etorriko dira… Sekulako giroa sortuko da, ezta?
Trikiti soinuak lagunduta beti sortzen da giro bikaina, makala gaztetxoenekin batera jasotzean ere giro aparta sortuko da, eta Txatxilipurdiko lagunek hau indartzen lagunduko dute, denetariko ekintza eta tailerrekin.
Urte hauetan guztietan gertatu zaizun bitxikeriarik edo anekdotaren bat kontatuko diguzu?
Anekdotak ugari dauzkat, bai: denok daukagu Eguzkilaru eguneko anekdotaren bat kontatzeko, baita haur eta gazteek ere, baina niretzako gordeko ditut, sekretutxoak ere izan behar baititugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak