San Juan jaiak 2016

Raimundo Amador: "Gandorrik ez dugu izan baina gu gara lehenengo ijito punkak"

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 17a, 13:51

Raimundo Amador gitarra-jolea.

Fusioaren errege Raimundo Amador (Sevilla, 1959) izango da ekainaren 26an, Herriko Plazan, 20:00etan. Goreneko mailako gitarra-jolea kontzerturako gogotsu dago.

Punkaren sorlekura zatoz…
Gu gara ba lehenengo ijito punkak: Pata Negra, Veneno eta beste hainbat. Ondo gogoan dut orduan bete-betean zegoela punka… Guk ez geneukan gandorrik baina gure bizimodua nahiko punka zen. Eta orain ere punkak izaten jarraitzen dugu baina helduagoak (kar, kar, kar)…

Estilo askotako musikariekin jo duzu: BB King, Björk, Kiko Veneno… Ez zaitu ezerk beldurtzen?
Eta Camaron, Enrique Morente, Miles Davisen inguruan… Musikaren hainbat alderdi ukitu ditut, baina beldurtu? Ez horixe, musika oso gustuko dut eta. Izan ere, benetakoa dena dut gustuko, authentic, horregatik, baita punka ere.

Flamenkoa, bluesa eta rocka. Zer eskainiko duzu?
Hiruretatik apur bat. Barruan daraman hori aterako dut, eta bertsio batzuk ere egingo ditugu. Raimundo Amadorrek idoloak omenduko ditu izan daiteke kontzertuaren izena; asko ditut baina baten bat aipatzearren BB King, Jimi Hendrix, The Allman Brothers, Miles Davis… Eta zelan ez, Camaron handia!

Euskal Herrian ezaguna zara; gustura etortzen zara?
Izugarri gustura; benetakoak zarete-eta. Gogoan dut lehenengo aldiz Pata Negrarekin etorri nintzela Gasteizko Elefante Blanco diskotekara, urte asko dira dagoeneko; cateringa eskaini ziguten eta hotelera itzuli ginenean jan gabe geratutako guztia geneukan: "Hau zuena da, egin nahi duzuena horrekin", esan ziguten. Ole! Benetakoak zarete! Eta beti hartu izan nauzue ezin hobeto.

Nork egin dizu konpainia hobea gitarra espainiarrak ala elektrikoak?
Lekuaren arabera. Espainiarra oso gustuko dut jende gutxi elkartzen garenean jotzeko, jai giroan, baina zailagoa da entzule guztiengana iristea. Elektrikoarekin uste dut soinua hobeto lortua dagoela, eta flamenkoa eta guzti jotzen dut horrekin; baita alderantziz ere.

Azken diskoa kaleratu zenuenetik sei urte pasatu dira; hurrengoa?
Aspalditik dago bidean, baina neu naiz jabea eta ez diot martxa ematen. Disko batetik bestera beti itxaroten dut sei edo zazpi urte. Gainera, diskoa ateraz gero erosteko izan dadila, orain apenas erosten da eta!

Kultura krisian dagoen sasoian zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzen?
Musikak eta familiak; musikarik gabe hil egingo nintzateke! Musika ez bakarrik entzun, egin ere bai; horretarako eman didate gaitasun hau jainkoak eta nire aitak (berak erakutsi zidan gitarra jotzen). Urte guztia pasatzen dut musika egiten, uda eta negu, nahiz eta diskorik ez egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak