Sorpresa izan al da Irujoren hutsunea betetzeko enkargua?
Ba, bai, egia esan, sorpresa handia izan da. Oporretara bidean harrapatu ninduen notiziak; beraz, are sorpresa handiagoa.
Nola zaude sasoi aldetik?
Ongi nago. Orain, oporraldian nago, baina sasoi onean helduko naiz.
Lau t'erdia zure distantziarik kuttunena da. Zergatik?
Partidu asko jokatu ditut lau t'erdian eta gustura egoten naizen distantzia da, nire ezaugarrietara oso ondo egokitzen delako.
Jaunarena ez dabil bere mailarik onenean. Nola ikusten duzu?
Azkenaldian, ez dabil bere onenean Jaunarena, baina, berak dakien moduan jokatzen duenean, edozeini aurre egiteko gai da. Izugarrizko dohainak dituen pilotaria da.
Bere errendimendu txarra justifikatzeko, autoestimu eta konfiantza arazoak dituela aipatu izan du. Nola lantzen duzu zuk alderdi psikologikoa?
Ba, egia esatearren, ez da lantzen dudan zerbait, baina ingurukoek asko laguntzen didatela uste dut; momentu txarretan, batez ere.
Nola ikusten duzu zure burua datorren urteko erronkaren aurrean? Zein helburu jartzen dizkiozu zure buruari?
Oraingoz, lasai nago datorren urtera begira. Momentua heltzen denean, ahalik eta ilusio handienarekin prestatu, eta dena ematera irtengo naiz.
Gustuko al duzu Arrasateko Uarkape frontoia?
Ez dut askotan jokatu frontoi horretan, baina oroitzapen onak ditut. Bertan, Xabier Biterirekin batera Debarroko txapelketa irabazi nuen.