San Juan jaiak 2016

Hodei Beitia, Arkada Social: "Non Serviumekin jotzea izugarria da guretzat, Espainiako talde indartsuena da"

Julen Iriondo 2016ko eka. 17a, 11:39

ARGAZKIA: Angel Moya

Arkada Social arrasatearrek Non Servium madrildarrekin joko dute San Juan biharamunean txosnagunean. Hodei Beitia aurreneko taldeko baxu-jolea eta abeslaria da, baina badu bigarrenaren berri. Bi taldeek behin baino gehiagotan jo izan dute elkarrekin, eta Beitiak, gainera, eurekin abestu ere egin ohi du.

Gogoz izango zarete Arrasaten jotzeko.
Gogo handia dugu bai, kontuan izanda, gainera, sanjuanetan dela, ze urte asko dira jaietan ez dugula jo. Egun berezia izango da guretzat.
2015 amaieran atera zenuten Sin mirar atras izeneko diskoa. Hura herrian aurkezteko ere balioko du.
Bai, abendutik ari gara disko berria aurkezten. Denetik joko dugu, abesti zaharrak ere bai, baina bai, balioko du lan berria aurkezteko ere. Eta sorpresa handi bat ere egongo da.
Eta, ze harrera izan du orain arte disko berriak eta ze harrera espero duzue izango dutela disko berriko kantuek Arrasateko jaietako kontzertuan?
Bada, ez dakit. Nik uste Arrasaten gehiago entzuten zela lehen musika hau; orain gutxiago entzuten da, eta ez dakit gazteek nola erantzungo duten, baina uste dut jendea egongo dela eta abesti berriak gustatuko zaizkiela. Orain arte aurkeztu ditugun lekuetan harrera oso ona izan dute; kontzertuetan ikusten da nola jendeak letrak-eta badakizkien eta nola abesten duten. Oso gustura gaude diskoak izan duen harrerarekin; ez genuen espero Espainia aldetik, adibidez, hainbeste deitzea; Madrilen, adibidez, azken urtean lau aldiz jo dugu. Kanpotik gehiago deitzen digute, gustatzen zaie.
Kantu berriak zer dira, betiko ildokoak?
Aurreko diskoaren jarraipena dela esango nuke nik. Abesti gehienak nik ateratzen ditut, eta esango nuke jarraipen bat dela. Ez dut aldatu askorik konposatzerako orduan.
Eta berriz ere Non Serviumekin.
Iaz ezagutu genuen elkar, eta azkenaldian zenbait kontzertu jo ditugu eurekin. Eta ikusten dugu elkarrekin jotzen dugunean jendea joaten dela eta gustura egoten dela.
Zer da zuentzako haiekin jotzea?
Izugarria da guretzat; nik uste, Espainian gure alorreko talde indartsuena eurak direla, zalantza barik. Izugarriak dira.
Eta elkarrekin aritzeaz gain, kantatu ere egiten duzu zerorrek eurekin.
Eurekin kontzertuak izan ditugun azken aldietan abesti bat abestu dut eurekin. Horrez gain, euren azken diskoa grabatzen ari zirela, Usurbilen, bisitan joan nintzaien, eta gonbidatu ninduten abesti baterako koruak egitera, eta amaitu nuen diskoko koru guztiak sartzen.
Euskal Herriarekin harreman berezia dute, ezta?
Bai, betidanik jo dute hemen. Ni neu ere lehenengo aldiz Madrilera joan nintzenean harrituta geratu nintzen euren pentsatzeko moduarekin-eta. Inpresio onarekin geratu nintzen. Eta Hatortxu Rock eta halako askotan jotzen dute.
Nolakoa esango zenuke dela euren musika?
Ikaragarrizko makarrak dira. Letrak asko gustatzen zaizkit, azken diskokoak, adibidez. Punka, hard-core puntu batzuekin... gauza agresibo bat da, hasten zara ikusten eta... nik, behintzat, flipatu egiten dut. Azken aldiz ikusi nituenean, adibidez, ia jotzeari uzteko gogoa eman zidan. Izugarriak egiten dituzte, eta jendea nola egoten den, ikaragarria.
Jendea ekarriko dute.
Nik uste baietz. Arrasate inguruko jendea etorriko da, eta Euskal Herriko hainbat lekutatik ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak