San Juan jaiak 2016

Jaia ez dadin egun zehatzetara mugatu

Julen Iriondo 2016ko eka. 17a, 11:33

Txosna batzordeak prest du bere egitaraua, hilaren 24a eta 26a ere festarako proposatzen dituena. Gazteek sanjuanak egunez egun eta egun argiz ere goza ditzaten ahalegina egin nahi izan du aurten Txosna batzordeak.

San Juan bezpera eguerdian, 12:00etan, txosnagunean txupina bota eta horrela emango diote hasiera lau eguneko festa tarte trinkoari. Biteri plazan bazkaritan elkartu, eta bazkalostean, txarangak lagunduta, kalerik kale eramango dute makala, 18:00etan Herriko Plazan igotzeko. Behin jaietan bete-betean murgilduta, gauerdia pasata, 00:30ean, dantzarako aukera erromerian, Fan & Go talde zarauztarrarekin.
San Juan eguna, berriz, Arbolapetako txokolate janarekin hasiko da –edo bezpera amaituko, nahi bada–, eta hurrengo hitzordua izango da 11:30ean, artisau azokaren irekierarekin. 16:30ean hasiko da Street-boulder txapelketa, eta, ondoren, 19:30ean Seberon izango den hileko azken egubakoitzeko elkarretaratzean parte hartzera deitu dute Txosna batzordetik.

Eta eguneko azken bi hitzorduak ere –Dragoi Jana eta su artifizialak– ez dira propio Txosna batzordearenak, baina euren egitarauan sartu dituzte, ondoko arrazoiengatik: "AEDko gazte taldeak Txosna batzordean daude, eta beti aprobetxatzen da hori; gainera, hilaren 24a da egun bat gazteak ez direla hainbeste ibiltzen kalean, eta deialdi hauek horretara ere badaude bideratuta, gazteak kalean ibil daitezen, ez bakarrik parrandarako markatutako egunetan". Su artifizialen kasuan, berriz, Txosna batzordeko kide Ane Zuazubiskarrek dio jendeak ohitura hartu duela horiek txosnagunetik ikusteko, eta hortik egitarauan sartzea.

San Juan biharamuna

Hilaren 25ean Zeuk iñ zeuk jan bazkari herrikoian parte hartzeko deia ere egiten du Txosna batzordeak; bazkalostean banatuko dute Urrezko Dragoia, eta dinamizazioa ere izango da.
17:30ean hasiko da martxan elektrotxaranga. Batetik bestera ibiliko dira herrian, eta geldialdiak egiten dituzten aldiro taldekako jolasak egingo dituzte. Egitarauko eguneko azken hitzordua, berriz, 22:00etan, Arkada Social eta Non Servium taldeen kontzertua.

Azken eguna

Parranda bete-betean indarrez sentitzen direnentzat, goizaldeko 05:00etarako soka salto gaupaseroa iragarri dute, eta, atseden apur bat hartu ondoren –hala nahi duenak–, 12:00etan, Hiru handiak deitu duten ibilaldia egingo dute, Monterron, Santa Barbara eta Mendia taberna –Monte– artean. Eta egitarauari amaiera emateko, kirol gehiago, bolo txapelketa 18:00etan, lehenengoz antolatu dutena: "Familia denarentzat bideratuta, umeentzat, gazteentzat, helduentzat..." Hau ere, Zuazubiskarren esanetan, hilaren 24ko eta 26ko egunei ere festa izaera handiagoa emateko ahalegin horretan kokatuta. Azken egunean, gainera, prezio bereziak izango dira txosnagunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak