San Juan jaiak 2016

Mahaiaren bueltarako aukera ugari

Julen Iriondo 2016ko eka. 17a, 11:16

Sanjuanak eurak bezala, lagun artean mahaiaren bueltan gozatzeko hitzorduak ere bata bestearen atzeko egunetan datoz aurten. Honela, jaiei hasiera emateko gazte kuadrillek San Juan bezperan egin ohi duten bazkariari Dragoi Janak hartuko dio lekukoa San Juan egunez, eta Zeuk iñ zeuk jan izango da biharamunean. Dragoi Janaren kasuan, aurtengo nobedadea da hitzordua San Juan egunera itzuli izana –jaiak ofizialki hasi aurretik egin dute azkenaldian–, eta beste bi kasuetan lekua: kuadrillen bazkaria Biteri plazan egingo dute Uarkapen beharrean, eta Zeuk iñ zeuk jan, berriz, azokan, eta ez Arano eta Gartzia Maisu-maistra kalean.

Gazteen bazkaria

San Juan jaiei hasiera behar den bezalako tenplez eta giroan emateko, eguerdian txosnagunean txupina bota eta arratsaldean makalari heldu aurretik, bazkaritara batuko dira gazteak, ohi bezala.
Bazkaria Biteri plazara aldatuta, kalera atera nahi izan dute festa hasierako otordua. 400 pertsona inguru batzea espero dute Txosna batzordekoek, eta txartelak Irati, Iluntz eta Jaizale tabernetan eskuratu ahal izango dira, 15 eurotan, kamiseta eta zapia barne: "Bazkariaren helburuetako bat da gazte denak batzea eta indarrak hartzea gero makala plazara eramateko", diote batzordetik.

Dragoi Jana

AEDk eta AEK-k antolatzen duten afaria San Juan egunera itzultzeko arrazoia izan da ezin zela aurreko zapatuan –bihar– egin, haurren danborrada amaitzen delako Herriko Plazan.
400 lagunendako lekua egongo da, eta txartelak erosi ahal izango dira Monte, Jaizale eta Irati tabernetan, eta AEDn eta AEKn, 8 eurotan AEK-ko ikasleek eta AEDko eta herriko beste euskara elkarteetako bazkideek–baita Goiena Klubekoek ere–, eta 10 eurotan gainerakoek. Afalostean, jolasak eta Oihan Vegaren disko-festa izango dira. Euria egiten badu, azokan izango da Dragoi Jana.

'Zeuk iñ zeuk jan'

Azokan izango da –eguraldia dena dela–, baita ere, norberak eramandakoa edo bertan kuadrillan prestatutakoa jatea ezaugarri duen bazkaria ere: "Erretiratuek gustuko lekua dute Portaloia, eta azken hiruzpalau urteotan kexa ugari entzun izan ditut, eta erabaki dugu lekuz aldatzea", dio Kultura batzordeko buru Juan Ramon Mendietak.
500 lagunek izango dute aukera, gehienez. Izena BAZen eman behar da –hilaren 21era arte–, eta han eskatu ahalko dira sutegiak ere –zozketa egingo dute eskatzaileen artean–. Mahaiak, aulkiak eta sagardo kupela jarriko ditu Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak