"Bizitzako erakusketa" moduan definitu duen proiektua muntatzen ibili da azken bizpahiru egun hauetan Iñigo Arregi eskultore arrasatearra Kanbon (Lapurdi). "Zoragarri gelditu da, oso pozik nago", zioen atzo bertan.
Donostia 2016 egitasmoaren barruan sartzen da proiektua eta datorren eguenean, ekainak 23, inauguratuko dute. Kanboko Arnaga Etxeko lorategian jarri dituzte Arregiren eskulturak, Versalles txikia ezagutzen den espazioan. 25 lan dira guztira.Horietako asko tamaina handikoak dira eta garraio bereziko kamioietan eraman dituzte Arrasatetik Kanbora. Garabia erabili behar izan dute lanak kamioitik hartu eta lorategian deskargatzeko. Atzo, eguena, goizean, esaterako, zortzi lagunen artean ari ziren eskultura bakoitza bere lekuan jartzen. "Hiru oso handiak dira eta sei, bi metro ingurukoak; besteak txikiagoak dira. Denak dira erakusketa honetarako propio egindako lanak. Bi, loreekin lotutakoak dira eta horiek dira, agian, ezberdinenak, baina gainerakoak nik egiten dudan lanaren kontzeptuan sartzen dira. Ez dira gai konkretu baten inguruan egindako eskulturak", zehaztu du Kanbotik bertatik Iñigo Arregi artistak.
Materiala ere ohikoa erabili du, Korten altzairuzkoak dira guztiak.
Urte eta erdi
Frantziatik jaso zuen Arregik erakusketa hau egiteko gonbidapena. Parisko galerista batekin jarri zuten harremanetan eta haren bitartez hasi zen prestatzen proiektu hau duela urte eta erdi inguru. "Tokia ondo aztertu, neurtu, genuen eta aurretik pentsatu zein obra non jarri. Oso ondo gelditu da, benetan. Gustura nago. Arteaga Etxea museoa ere bada eta horrek badu bere pisua. Erreferentzia moduan geldituko da erakusketa hau, inguru honetan eta hain tamaina handiko piezak...", dio pozik arrasatearrak.
Sistiagarekin
Iñigo Arregiren eskulturak lorategian jarriko dituzte eta Juan Antonio Sistiaga margolariaren pinturak etxetzar barruan; 40 lan. "Ezagutzen dut Sisitiaga eta egon naiz ikusten hona ekarri dituen pinturak. Oso polita gelditu da, bai. Gainera, filmak ikusteko ere prestatu dute barrua, oihal beltzak erabilita. Zoragarri muntatu dute", azaldu du Arregik.
Eskultore arrasatearrak esandako moduan, Euskal Herria bi zatitan bereizteko erabiltzen den muga hori kendu gura izan dute erakusketaren antolatzaileek: "Sistiaga eta biok etorri gara hona, eta iparraldeko beste bi artista joango dira Donostiara euren lanak erakustera".
Ekainaren 23an, San Juan bezperan, inauguratuko dute erakusketa eta zabalik egongo da lau hilabetez. "Ez naiz une oro han egongo, baina etorri barik ere ez naiz geldituko", dio Arregik Kanbotik.