Frutak nola ontziratu ikasteko "tailer praktikoa" zapatuko baserritarren azokan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 15a, 16:45
Rakel Perez de Arenaza baserritarra Seber Altuben, artxiboko irudi baten.

Ekaineko hirugarren zapatua izanda, baserritarren azoka egingo dute Seber Altube plazan (09:00-14:00). Ekaineko merkatuan 16 postu egongo dira, ohiko kopurua. Sasoiko eta bertako produktuak erosteko aukera izateaz gain, marmelada egiteko eta nola kontserbatu ikasteko aukera ere egongo da.

Marmelada tailerra 10:00etatik 12:00etara izango da; komeni da aldez aurretik izena ematea. BAZen edo Udalaren webgunean eman daiteke izena eta egubakoitza, hilak 17, da azken eguna. 15 bat lagunendako lekua aurreikusten dute; zapatuan bertan lekurik balego egingo lukete leku bat, baina komeni da aldez aurretik izena ematea.

Azalpen zehatzak

Ez da lehen aldia Jakion ontziraketa enpresa baserritarren azokatik pasatzen dena: "Duela pare bat urte egin genuen Jakionekin antzeko tailer bat eta oso ondo irten zen. Orduan barazkiak ontziratzeko saioa izan zen", adierazi du asteon, Arrasate Irratian, Udaleko Enplegu eta Garapen Saileko Marga Garmendiak. Marmeladaz gain, almibarretan edo pure eran kontserbatzeko azalpenak ere emango dituzte: "Zenbait ohar emango dituzte prozesuaren ordena, neurriak eta bestelakoak zehazteko". Zapatukoa "tailer praktikoa" izango da eta parte hartzaileek beharko duten material guztia Jakionek jarriko du.

Saskia, Asubeko baserritik

Zapatuko azokan egongo da, azken hilabeteetan ohitura duenez, Asubealde baserriko Jon Azkoaga gazte arrasatearra. Arrautza ekologikoak ekoizten ditu Azkoagak, eta dioenez: "Beste ekoizpen mota batzuekin alderatuta, oilo oso gutxi dira. Gutxi dituzunean mimo gehiagorekin tratatzen dituzu eta eurak ere hobeto egoten dira. Esker oneko animalia da, ondo zainduz gero eman ematen du-eta", dio.

Ekoizpen ekologikoa denez, baldintza minimo batzuk bete behar izaten dituzte Asubeko arrautzek, animaliaren ongizatearen zein ematen dien janaren kalitatearen aldetik: "Ezin diet edozein pentsu eman, egiaztatutako jaki ekologikoak eman behar dizkiet", adierazi du. Horrez gain, beste baldintza batzuk ere bete behar ditu oiloen ongizatera begira; esaterako, oilo bakoitzarentzat lau metro koadro izan behar ditu  kanpoan dabilenean.

Gainera, azoka bakoitzean egiten den zozketarako otarra Azkoagak berak prestatu beharko du ekainean; arrautza ekologikoez eta jogurtaz gain, ortuko beste zenbait produktu ere sartuko ditu saskian.
Izan ere, Garmendiak gogora ekarri duenez, irabazleek "oso gustura" jasotzen dute saskia: "Hil bakoitzean baserri bat tokatzen zaio; oso ondo funtzionatzen duen ekimena da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak