Maixa Lizarribar: "Hamalau abesti eskainiko ditugu, bakoitza Arrasateko talde batekin"

Aitziber Aranburuzabala 2016ko eka. 10a, 11:11

Arrasateko Trikitixa Eskolak kontzertua eskainiko du, bihar, Monterronen, 18:30ean. 25. urteurrena ospatzeko kontzertua izango da hori

Maixa Lizarribar (Altzo, 1971) Arrasateko Trikitixa Eskolako irakaslea da. Bihar ospatuko du eskolak 25. urteurrena Monterronen egingo duen kontzertuarekin. Lizarribarrekin jardun dugu biharkoari begira.    

Ospakizun ederra izango da zapatukoa.

Ikasturte bukaeran egiten dugun jaialdia berezia izango da aurten, kalera aterako baitugu. Ez horregatik bakarrik, gurekin musika egitera gonbidatu baititugu herriko hainbat talde. Guztira, hamalau abesti eskainiko ditugu eta horietako bakoitza herriko elkarte batekin: txistulariak, gaitariak, konpartsa, Lore Gazteak, txalapartariak...

Eta trikitilariak, zenbat?

Eskola guztiak hartuko du parte eta ikasle ohiak ere etorriko dira. Ehunen bueltan izango gara. Kantu batzuetan denok egongo gara eta beste batzuetan gutxi batzuk.

25. urteurreneko abestia ere aurkeztuko duzue zapatuan. Nork egin du abesti hori?  

Abestiaren letra Ane Zuazubiskarrek egin du eta melodia Beñat Apraizek –Trikitixa Eskolako ikaslea bera–. Trikiti bat da, nola ez, eta jende askoren parte hartzea duen abestia.

Zapatuan kontzertuaren ondoren afaria ere egongo da.

Ehunetik gora izango gara. Eguraldiak laguntzen badu, Biterin afalduko dugu.  

25 urte, baina, irailean beteko ditu eskolak.

Bai, eta egin gura ditugu ekintzak irailean ere. Besteak beste, ate irekiak egingo ditugu eta kontzerturen bat ere badugu buruan, agian, norbait ekarrita... Zehazteko dago guztia.

Zapatuan Arrasateko beste talde batzuekin elkarlanean arituko zarete, baina ba al du eskolak harremanik Arrasateko beste taldeekin?

Ba, egia esan, gure artean ez ditugu lan gehiegi egiten, nor bere aldetik ari da. Egia da horrelakoetan elkartzen garela eta inor ez dagoela itxita. Gertatzen da, gainera, jende asko talde baten baino gehiagotan dabilela, eta horrek ere laguntzen du gauzak elkarrekin egiteko orduan, baina, orokorrean, nork bere aldetik lan egiten du.  

Hor dago Kulturola proiektua ere,  Zerrajera eta Aprendices kulturgune bihurtzeko ekimena.

Gogoz hartu dugun proiektua da. Luze egingo zaigu ikusi arte.

Eskolak bakarrik ez, zuk ere 25 urte egingo dituzu Trikitixa Eskolan.

Txiripaz hasi nintzen, egia esan. Kepa Junkera eta beste batzuk zebiltzan irakasle lanetan, eta haiek utzi zutenean etorri nintzen ni.

Ikasle asko dituzu. Sasoi onean dago eskola, beraz.

60 ikasle izandako urteak izan dira, baina aurten 130 badira. Hiru irakasle gara gaur egun.

Ez da modaz pasatzen trikitia.  

Oso tresna estimatua da, eta, lan eginez, emaitzak erraz ikusten diren tresna bat da. Doinua bera ere bada estimatua. Eskola guztiak dabiltza nahiko ondo.

Ez daude trikiti eskola asko Euskal Herrian.

Egia esan, ez. Sekulako zortea dugu, gaur egun trikiti musika eskoletan erakusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak