Gaur irekiko dute Vasco-Navarro trenaren inguruko erakusketa Kulturateko klaustroan

Miren Arregi 2016ko eka. 10a, 08:34
Trena Arrasate igarotzen.

Debagoienean 50 urtez gora eta behera ibili zen Vasco-Navarro trenaren historia erakutsiko du, gaurtik hasi eta uztailaren 8ra arte, Arrasate Zientzia Elkarteak. Argazkiek hartuko dute erakusketaren zati handiena, baina dokumentu historiko batzuk eta ikus-entzunezkoak ere izango dira, eta baita gurutze-puntuz egindako lokomotora baten koadroa eta Mondragon lokomotora ospetsuaren maketa bat ere.

Eta hori gutxi balitz, Lizarran hasi eta Gasteizera arteko geltokien maketak ere ikusi ahalko dira. Erakusketa ireki aurretik aurkezpena egingo dute Kulturateko Loramendi gelan (19:00) eta ondoren klaustrora jaitsiko dira erakusketan zehar bisita gidatu bat egiteko.

1967ko abenduaren 31n egin zuen Vasco-Navarro trenak azken bidaia, Debagoienean 50 urtez gora eta behera ibili ondoren. Ordukoak gogora ekarriko ditu Arrasate Zientzia Elkarteak, datorren egubakoitzean zabaldu eta ekain osoan ikusgai egongo den erakusketaren bitartez. Arrasate-Mondragon Vasco-Navarro Trena izeneko erakusketa zabalduko da, Kulturateko klaustroan, ekainaren 10ean.  

Ez du lan makala izan taldeak erakusketa osatzeko materiala bilatzen: "Oso argazki gutxi dago", dio AZEko kide Jabier Bengoak. Guztira, 110 argazki, egunkari-zatiak, bideoak eta geltokietako 20 maketa batu dituzte erakusketarako. Hori bakarrik ez, dokumentuak, 3 dimentsiotan egindako Arrasateko geltokia eta Mondragon lokomotora eta puntuz egindako lokomotora baten koadroa ere egongo baitira erakusgai.

1919. urtean inaugurazioa Arrasaten.

Bereziki, argazkiak

Argazkiek hartuko dute erakusketaren zati handiena. Trenbidea eraikitzeko lanak, trena bera, geltokiak... Arrasateko argazkiak gutxi izanik, erakusketa trenak Debagoienean egiten zuen ibilbidean oinarrituko da.  Alegia, Gatzagatik Mekolalderako tartean, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati eta Mekolaldeko argazkiak ikusi ahalko dira bereziki. Horietako batzuk dira Arrasate Zientzia Elkarteko bildumakoak eta beste batzuk Gasteizko Udal Artxibotik eta Sancho el Sabio fundaziotik hartuak. Pertsonak azaltzen diren argazkiak gutxi dira. Bospasei, Bengoaren esanetan. Tartean dago azken makinista azaltzen den argazki bat edo Arrasateko bikote ezkon berri batek ezkon bidaiara trenean egin zuen bidaiako argazki bi.  

Lehen esan moduan, erakusketa osatuko dute dokumentuek  ere. "Esaterako, badago 1968ko akta bat", dio Bengoak: " 1967an trena kendu zenean, bailarako udalek bat egin zuten ministroari trena kendu ez zezaten eskatzeko. Ez zuten ezer lortu, noski, baina horren gaineko akta bat badago eta erakusketan ipiniko dugu", gaineratu du. Dokumentu gehiago ere badira; tartean, trena egin aurretik egindako proiektuen gainekoak.

Bideoak ere bai

Irudiei dagokienez ere ez dira garai hartako eta trenarekin lotutako asko, baina horietako bat ikusgai egongo da. "Julian Elejoste bilbotarrak trenaren azken bidaiak grabatu zituen eta guk 12 minutuko zati bat berreskuratu dugu", dio Bengoak. 8 milimetrotan grabatutako bideoa da eta Marin eta Zarimutz tartean hartutako irudi ederrek osatzen dute bideoa, besteak beste. Hori bakarrik ez, Goienak 2008an, trena itxi zenetik 40 urte pasatu zirela ekoitzitako bideo baten zatia ere egongo baita ikusgai. Primo de Rivera Arrasaten, 1925. urtean.

 

Geltokien maketak ere bai

Esandako guztia gutxi ez, eta Kulturateko klaustroko erakusketa osatuko dute Maeztuko Julio Martinez de Hidalgak egindako 20 geltokitako maketek. Lizarran hasi eta Gasteizera arteko geltokien maketak dira ikusgai egongo direnak.Tartean daude, Lizarrakoa, "oso ikusgarria hori", edota Maeztukoa. "Hori ere polita oso", gaineratu du Bengoak.

Ezbeharrak ere bai

Bi istripu ekarri ditu gogora AZEk trenaren garaiaz galdetuta. Lehena, 1941ean izan zen. Maringo tunelean trenak harrapatu zituen Pedro eta Jesus Uribe Barrena anaiak. Arabatik estraperloan garia ekartzen ari zirela deskantsatzen gelditu ziren Maringo tunelean. Lo hartu eta  trenak harrapatu zituen. 1961eko azaroaren 12an, bestetik, trena errailetik irten eta ondorioz hiru lagun hil eta sei zauritu ziren.

Inaugurazioa

Erakusketa ekainaren 10ean, egubakoitza, zabalduko da. 18:00retan Kulturateko Loramendi gelan emango dute azalpen bat. Besteak beste, Javier Suso eta Juanjo Olaizola izango dira aurkezpenean, biak ere historialariak eta Vasco-Navarro trenaren gainean adituak. Erakusketa ikusgai egongo da, hilabete osoan, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak