Mikel Arregi: "Ahalik eta ikuspegi zabalena eman nahi izan diogu gatazkari"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko eka. 2a, 17:21
Mikel Arregi Donbass-en, arma baten mira batetik begira eta elkarrizketetarako mikrofonoa eskuan duela. / Argazkia: Ibai Trebiño.

2015eko martxoan, apirilean eta uztailean Donbass-en (Ukraina) jasotako irudiekin eta testigantzekin Donbass: gerra Europaren bihotzean dokumentala egin dute Mikel Arregik (Arrasate, 1985) eta Ibai Trebiñok. Ekainaren 11n estreinatuko dute, Amaia antzokian (19:30).

Zer erakusten du dokumentalak?
Donetsk edo Luhansk eskualdeetan bonbardaketetatik ihesi sototan bizi diren herritarrak ikusiko ditugu, meategietan lanean ari diren langileak, eskoletako irakasleak, azokan erosketak egiten ari diren herritarrak eta miliziano eta soldaduak, noski. Ahalik eta ikuspegi zabalena eman nahi izan diogu gatazkari.

Nola dago egoera egun Ukrainan?
Zoritxarrez gauzak gutxi aldatu dira urtebetean. 2015eko otsailean Minskeko bake akordioak sinatu zirenetik gatazka izozten joan da. Ukrainako gobernuko tropen eta milizien arteko borrokek aurrera jarraitzen dute. Tirabirak ia egunero daude, baina fronteak geldi segitzen du. Ukrainako guda, lehengo Sobietar Batasuneko beste gatazka batzuen antzera geratu da. Donbass-en bizi den egoera, Nagorno Karabaj, Hego-Osetia edo Abjasian bizi dutenaren oso antzekoa da. Kasu honetan eragin handiagoa du, Ukrainaren garrantzi geo-estrategikoa dela-eta. Denbora luzez izango dute gatazka han.

Polita izango da halako proiektu bat jaioterrian bertan estreinatzea...

Ederra da, nahiz eta dagoeneko zirrara berezi bat sentitzen dudan. Urduri nago. Gertuko lagun eta senideak etxera ikusi dutenarekin pozik joatea nahi dugu. Kanpainan dirua jarri zuten guztiei eskura emango diegu lana, DVD formatuan. Proiektu pertsonal garrantzitsua izan da, bai niretzat zein Ibairentzat, eta bukatzera goazen abentura hau ahalik eta modu positiboenean itxi nahi dugu.

Pozik crowdfunding edo finantzaketa kolektiboaren kanpainarekin?

Arrakasta handia izan zen. 200 pertsona eta erakundek babestu gintuzten; orain guri dagokigu jarritakoa bueltan ematea. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu guztiei, euren laguntzak egin duelako posible Donbass: gerra Europaren bihotzean zinema areto batera eramatea. Eskerrak ere Udalari, dokumentala babestu duelako eta Amaia antzokia utzi digulako. Horrez gain, beste hainbat ere gogoan izan nahiko genituzke: Argia, dokumentalari ahotsa jarri dion Iraitz Agirre, itzulpenak egiten lagundu diguten Asmik eta Larisa... Zerrenda oso luzea izan daiteke.

Hurrengo emanaldiak non eta noiz?

Oraindik itxi gabe ditugu baina udan emanaldi gehiago eskainiko ditugu, Euskal Herrian zein estatuko beste leku batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak