Zer lortu dezake, zure ustez, loteslea ez den herri galdeketa batek?
Prozesua garatzeko beharrezko urratsa da galdeketa. Ekintza demokratikoa da, herritarrengandik sortua. Herri galdeketak, erakundeetatik harago joango den eta independentzia eskubide zibil zein demokratiko moduan ulertaraziko duen gizarte-mugimendu bat eraikitzen lagunduko du. Eman beharreko urrats garrantzitsua da eta, gaur egungo baldintzak aintzat hartuta, ekintza desobedientea izango da.
Zergatik uste duzu behar duela prozesuak herritarren aktibazioa?
Helburua independentzia denean, erakundeetatik bakarrik ezinezkoa delako lortzea. Estatu espainiarreko marko juridiko-politikoaren muga demokratikoek eta erakundeen euren mugek ez dute prozesu horretan aurrera egiten uzten. Herri-mugimendu indartsu batek baldintzak sor ditzake gehiengo instituzionala ahalbidetzeko. Erakundeetako gehiengo horrek gaitasuna eta borondate irmoa izan behar ditu desobedientziaren, apurketaren eta aldebakartasunaren bidea egiteko. Bide hori delako, gaur-gaurkoz, erabakitzeko eskubidea gauzatu eta independentzia lortzeko bidea.
Beraz, prozesua izango bada, aldebakarrekoa izan behar da?
Estatu espainiarrak ez gaitu bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko eta nazional moduan onartuko. Aldebakartasuna da aukera erreal bakarra eta aukera horretatik nazioarteko babesa lortu beharra dago aurrera egin ahal izateko. Gatazka soziala eta politikoa sortzea eta subjektu politiko moduan onartuko gaituen nazioarteko bitartekaritza izatea beharrezkoak izango dira.
Mahai-inguru interesgarri baten hartuko duzu parte gaur. Zer aurrera zenezake?
Aldebakartasunaren ideia defendatzera etorriko naiz eta baita desobedientziarena ere, herri zein erakunde mailan. Bi ideia horiek aplikatu behar dira subjektu politiko izateari, lurraldetasunari, erabakitzeko eskubideari, independentziaren aldarrikapenari eta erreferendumari. Horrez gain, modu eraginkorrean nazio moduan errekonozituko ez gaituen erreformismoa desaktibatu egin behar dela uste dut; independentziaren gaineko erreferendum loteslea eta demokratikoa eragotzi ditzaketen erreformismoek kalte handia egin dezakete, ateak ixteraino.