Udaberriko itxura garbia izango du azokak. Zapatuan hamabost postu egongo dira: Arrasateko sei baserritar, Debagoieneko lau, beste eskualde batzuetako hiru baserritar eta gainerako postu bereziak –sukalderako eta baserrirako tresneria–.
Artisautza postuak
Zapatuko azokari ukitu berezia emango diote Eskuartean artisau elkarteko kideek: "Aspaldi esan ziguten baserritarren azokan parte hartzea nahi zutela; hilero ez dugu ikusten, oso bestelakoak direlako, baina tarteka etortzeko aproposak dira. Balioan jarri behar ditugu ekoizle txikien ezaugarriak. Bertakoak dira eta eurek egindako produktuak saltzen dituzte. Neurri baten, gainera, baserritarrena artisau lana ere bada".
Bederatzi postu jarriko dituzte: Joana Manzisidor (graffiti pertsonalizatuekin txapelak-eta), Lexuri Doyague (birziklatutako koadernoak), Izaro Sanchez (askotariko bitxiak), Helena Azkarragaurizar (ilustrazioak euskarri ezberdinetan), Sara Migelez (objektu eta objektu zatiekin egindako bitxiak), Lara Gonzalez (osagarriak eta ezkontzetarako poltsak), Nagore Uriarte (egurrezko bitxigintza), Lur Cano (makramezko bitxiak) eta Edurne Erauskin (zilarrezko bitxiak).
Bertako hazien alde lanean
Eskualdeko postuen artean egongo dira Udalatx mintegiko Idurre Aranguren eta Nerea Altuna. Udaberrian "oso lanpetuta" ibiltzen dira baina udara eta hurrengo negura begira jarrita daude honezkero, asteon Arrasate Irratian azaldu dutenez: "Landareak prestatzen ditugu eta horregatik gure fokua aurrerago dago jarrita". Zapatuko azokan denetariko haziak –bertakoak horietako asko– erosteko aukera eskainiko dute Udalatx mintegikoek: patata eta baba haziak, lekak, tomateak, orburuak, berenjenak, piperrak, kalabazinak, pepinoak, letxugak... Orturako produktuen haziez gain, askotariko belar usaintsuen haziak ere eskainiko dituzte: albahaka, perrexila... Mintegikoen erronka nagusietako bat da bertako hazia mantentzea: "Gure borroka da, arrasatearrak izanda, Arrasateko hazi-barietate batzuk mantentzea", adierazi du Arangurenek.
Era berean, askorendako ezezagunak izango diren lore elektrikoekin ere etorriko dira Udalatxekoak: "Goi-mailako sukaldaritzan erabiltzen dira. Elektrizitatea ematen dute mihian, zapore batetik besterako aldaketa ahalbidetzeko. Margarita baten antzekoak dira, lore-hosto barik".