Maiatzaren 28rako Bilbora mobilizatzeko deia egin du LABek

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko mai. 19a, 11:31

Debagoiena eta Debabarrena aldeko batzarra egin du LABek Arrasaten, maiatzak 28an Bilbon egingo duen mobilizazioa prestatzeko. "Prekarietate egoera desberdinetan diren langileak protagonista" bilakatu nahi dituzte.

LABen oharra:

"Bizi dugun emergentzia egoerak kalean egotea eskatzen digu. Ez dira normalak bizitzen ari garen langabezia eta pobrezia tasak, ezin dugu normaltzat hartu lan munduan daukagun prekarietate maila.

Laster 10 urte beteko dira krisiaren aterkipean murrizketa eta austeritate politikak inposatzen hasi zitzaizkigunetik. Prekarietatea geratzeko etorri da. Ongizate estatua deiturikoaren zimentuak pitzatu egin dira. Lehen askiezak ziren prestazio eta babes sozialerako mekanismoak guztiz txikitu egin dituzte orain; langabeziak miseria dakarren bitartean, lanpostu bat izateak ere ez gaitu pobreziatik libratzen.

Prekarietateak baditu milaka aurpegi eta guztiak agerian uzteko momentua iritsi da. Izan enplegatu edo langabetu, ikasle, pentsiodun, emakume, migrante, etxeko langile, lanpostuen defentsan borrokan garen langileak, lana galtzeko beldurra dugunak, kontratu partzialak ditugunak, behin behineko kontratudunak ala kontraturik gabekoak, zaintza lanetan dihardugunak... Guztiok elkar hartuta, maiatzaren 28an Bilbon elkartuko gara.

Aldaketa posible da: 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astearen aplikazioarekin, lan osasunarekin eta euskaraz lan egiteko eskubidea aitortuz, eta neurri guztiok emakumeengana iristeko erabakiak hartuz. Urrats horiek ematen badira, lan mundua goitik behera aldatuko da. Eremu politiko instituzionala behartu egin behar dugu bere agenda aldatzera, eta horretarako arrazoia izatea ez da nahikoa, indarra behar dugu. Kalera atera eta mobilizatzea, alegia. Patronalak ez ditu horrelako neurriak ezarri nahi, langileon soldatak eta lan baldintzak erasotzen jarraitzeko erabateko ahalmena eskuratu dute erreformaz erreforma. Egon badago langabezia, prekarietatea eta pobrezian oinarritzen ez den eredu berri bat eraikitzeko adina aberastasun. Kontua da aberastasun horren banaketa nola egiten den. Eremu politiko instituzionala behartu egin behar dugu bere agenda aldatzera, erabaki egin behar dute, kapitalaren proiektua defendatzen jarraitu ala herritarron gehiengoa osatzen dugunon aldeko erabaki politikoak hartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak