Udal Gobernuak gertu dauka sanjuanetako hainbat ekitaldi udaletxeko balkoitik ikusteko araudia

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 18a, 15:08
Maria Ubarretxena iazko sanjuanetan, Alkatearen Dantza egiten.

Errementari Dantza, helduen danborrada eta umeen danborrada ikusteko hamabost plaza zozketatuko ditu Udalak –irabazleak lagun bat eraman ahalko du– eta interesa agertzen duten herritarrek ekainaren 1etik 8ra izango dute izena emateko aukera, Udalaren webgunean edota BAZen. Zozketa ekainaren 10ean egingo da eta telefonoz jakinaraziko zaie irabazleei.

Udal Gobernuak "pozik" hartu du gaur bertan EH Bilduk kaleratu duen prentsa oharra: "Pozten gara EH Bildu gaur prentsara irten izana duela hilabete lantzen hasi ginen araudiarekin adostasuna erakutsita. Ekimena Udaleko Kultura Sailaren eta BAZen arteko elkarlanarekin eraman da aurrera, eta aurtengo San Juan jaietan, lehen aldiz, herritarrek udaletxeko balkoi nagusitik hainbat ekitaldi ikusteko aukera izango dute", adierazi du Udal Gobernuak prentsa ohar bidez. 

Sanjuanetako zenbait ekitaldi balkoitik jarraitzeko zozketaren araudia

Errementari Dantza, Nagusien Danborrada eta Haur Danborrada udaletxeko balkoi nagusitik ikusteko zozketa abiatzeko araudia.

Ekitaldiak:

Ekitaldi bakoitza, ekintza desberdin bat kontsideratuko da. Hiru ekimen desberdin kontsideratuko dira, eta bakoitzarentzat apuntatu beharko da. Pertsona bakoitza ekimen bat baino gehiagotan apuntatzen bada, ezingo zaio tokatu bi ekitaldi ikusteko aukera.

Ekitaldiak hurrengoak izango dira:

-Errementari dantza

-Helduen Danborrada

-Haurren Danborrada 

Zozketatuko diren plaza kopurua:

15 plaza zozketatuko dira eta irabazleak lagunduta etorri ahal izango dira, beraz, guztira, 30 herritar igo ahal izango dira balkoi nagusira.

Baldintzak:

Arrasaten erroldatua egon beharra dago zozketan parte hartu ahal izateko eta 16 urte beteak izan izan maiatzaren 31rako. 16 urtetik beherako haurrak nagusi batekin lagunduta igo ahalko dira balkoira, hortaz, nagusia apuntatu beharko da.

Zozketarako izena ematea:
Ekainaren 1etik 8ra aukera izango da izena emateko webgunean www.arrasate.eus eta Biztanleen Arreta Zerbitzuan.

Zozketa ekainaren 10ean egingo da, eta egun horretatik aurrera telefonoz jakinaraziko zaie irabazleei. Behin itxia eskaerak jasotzeko epea eta datuen kudeaketarekin bukatu ondoren, eskatzaileen zerrenda publikoa egingo da.

Zozketan irabazle suertatu direnei Udaletxera sartu ahal izateko NAN aurkeztu beharko dute akreditazio edo baimena jasotzeko.

Irabazleak ordu hauetan egon beharko dira Udaletxean NANarekin

a) Errementari dantza ikusteko 22:00

b) Danborrada ikusteko 23:30

c) Umeen Danborrada ikusteko 19:30

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak