Natura heziketara hurbiltzeko asteburua, "borobila"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 17a, 15:50

Joan den aste bukaeran egin diren Hurbil Gaitezen Naturara jardunaldiekin oso pozik daude antolatzaileak. Txatxilipurdik, Besaidek, Leintz Eskola Kirolak, Sustraibarrik eta Garaion NaturArtean egitasmoa elkarlanean antolatu dute: "Tarte batez bada ere familiak, haurrak eta gazteak naturara hurbiltzea lortu dugu". Hori bai, zapatuko ibilaldia bertan behera geratu zen.

Eguraldiaren erruz, egubakoitzeko jolasak Herriko Plazan egin zituzten Monterronen beharrean: "Elementu naturalak erabilita, sormena landu genuen. Alde batetik, egurrekin eraikuntza jolasak egin genituen eta lurrarekin margotzen aritu ginen. Bestetik, eskulan pare bat egin genituen: Hiru lerroan jolaserako eta gure harriekin eta egurrekin lepokoak egin genituen".

Ekitaldi horretatik hiru ondorio nagusi atera zituzten. Batetik, antsietatea igarri zieten: "Sormenerako tarteak eskaintzen zaizkienean antsietate puntu bat nabaritzen dugu, hau da, egunerokotasunean honetarako tarterik ez dutenez dena egin nahi dute, behin da berriz errepikatu eta pazientzia edo lasaitasuna kontrolatu ezinean egoten direla sumatzen dugu".

Bigarren ondorioa da umeek elementu naturalekin jolasten "orduak eta orduak" pasa ditzaketela aspertu gabe: "Hau da, material edota jostailu ez egituratuek sormenerako tarte handiagoa dute eta beraz erakargarriagoak iruditzen zaizkie".

Hirugarren ondorioa da naturako elementuak guztiak direla ezberdinak: "Zentzumenak pizteari dagokionez, plastikozkoak baino konplexuagoak dira: ikusmenerako leunak, tonu itzaliago eta intentsitate bariazio gradualagoekin, lasaitasuna eta baretasuna darizkie".

Natura ibilaldirik ez, baina astoa bai

Besaiderekin batera antolatutako ibilaldia bertan behera geratu zen. Ez, ordea, Musakolako astoa naturako elementuekin eraikitzeko ekintza. Ume, haur eta guraso, 60 bat lagun elkartu ziren: "Gustura aritu ginen elementu naturalekin Musakolako irudia den astoa sortzen. Denon elkarlanaz eta Garaionekoen gidaritzapean, lan zoragarria burutu genuen. Hur abarrak, espartozko soka, lurra eta lore zein landareak erabiliz eraiki genuen astoa. Elkarlana, pazientzia eta gogoa izan ziren gure aliatu nagusiak. Giro gozoa sortu zen eta auzotarrak oso harro daude euren astoaz… Hurrengo asteetan belarra hasiko zaio eta berau zaintzeko konpromisoa hartu dute bertakoek".

Domekan, tailer emozionala txakurrekin

Domekan tailer emozionala egin zuten txakurrekin, Sustraibarri elkartekoen eskutik: "Hasieran denok aurkeztu eta txakurrekin lanean hasi baino lehenago erlaxazio ariketa batzuk egin genituen, ondoren txakurrekin aritu ginen, euren jarreretan gure egoera emozionalak duen eraginaren inguruan hausnartzen. Jarraian, txakurrei so, lidergoaren inguruan hausnartu genuen. Norberarentzako zeintzuk diren lider positibo edo erreferente batek izan beharreko ezaugarriak zerrendatu ostean, bakoitzak bere bizkarrean post it bat jarri eta besteok bere gauza positiboak idatzi genizkion…".

Ondorioen artean, egoera emozionala adieraztearen beharra nabarmendu dute Txatxilipurdikoek: "Azken finean egunerokotasunean gure emozioak entzun eta hauei jarraiki bizitzen ikastea izango litzake positiboena, osasun afektiboa zaintzea eta gauza positiboak entzuteko auto-estimua indartzeko duen garrantziaz ohartzea".

Erlazionatuak

Naturarekin harremana, heziketarako "ezinbestekoa"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 mai 13 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak