Heziketan umeen parte-hartze zuzena "ezinbesteko osagai" moduan ulertzen dute aspalditik Txatxilipurdin. Francesco Tonnuciren Haurren hiria liburua euskaratu zuten 2013an eta lan ildo horri jarraiki Heike Freireren Berdean Hezi ekarri zuten euskarara iaz.
Tonucciren lana aldarrikatzera dator umeen ikuspegitik eratutako hiria edozein pertsona gustura bizitzeko moduko hiria dela eta Freireren liburuak umeen eta naturaren arteko harremanean garatzea du helburu. Harreman horretan sakontzea "ezinbestekoa" dela esateko hainbat arrazoi daude, Txatxilipurdiko Berramesten egitasmoan buru-belarri diharduen Oier Nafarrateren arabera: "Adibidez, ingurumenarekin jasangarriak izan behar garela sustatu behar badugu, askoz errazagoa izango da hori umea txikitatik hasten bada naturarekin harremana izaten".
Liburuetatik, naturara
Antolatzaileek aditzera eman dutenez, ikerketek eta berezko esperientzia pertsonalek erakusten dute umeek –eta beraz, familiek– natura behar dutela: "Ikerketetara joan barik ere, argi ikus daiteke gure arbasoek zenbat denbora pasatzen zuten helduen kontroletik kanpo, naturan", gaineratu du Nafarratek. Lehengo heziketa eredu horren alde onak balioan jarri eta gaur egungo garaietara egokitu gura dituzte bultzatzaileek. Horretarako, bost elkarte batu dira: "Lehen aldia izango da zerbait batera sortuko duguna, baina aldez aurretik ezagutzen genuen elkar.
Txatxilipurdin ikusi genuen bazela garaia liburuetatik eta teoriatik harago joan eta hau guztia kalera ateratzeko. Liburuek oso ondo laburbiltzen dute egin nahi duguna baina ordua da, pixkanaka, praktikara eramateko. Denok batera joan nahi izan dugu, bakoitzak bere esparrutik egin dezakeen ekarpena aintzat hartuta". Aste bukaera oso baterako egitaraua prestatu dute eta asmoa da "ahalik eta ume gehien" elkartzea.
Eguraldiari aurre egiteko asmoz
Hori bai, eguraldi iragarpenak ez dira onenak aste bukaerara begira: "Eguraldi onarekin askok ez dute ohiturarik naturaz gozatzeko eta eguraldi txarrarekin are gehiago kostatzen zaigu irtetea. Baina lokatzarekin jolasteak badu bere xarma...", dio umoretsu Nafarratek. Eguraldi txarrarekin gaur eta domeka arratsaldeetan Monterronen aurreikusitako ekintzak udaletxeko arkupeetan egingo dituzte. Hala, gaur euria egiten badu naturako elementuekin esku-lanak egingo dituzte arkupeetan eta domekarako ezinbestekoa izango da gutxienez hamar laguneko taldea osatzea: "Emozioak kudeatzen ikasiko dute, txakurren bidez". Bihar, eguraldi txarra egiten badu ere, ibilaldia eta Musakolako astoaren artelana bere horretan mantenduko dute. Izan ere, Garaion Naturartean egitasmoko kideekin batera, umeek San Isidro jaietako ikurra den astoa egingo dute naturako elementuak erabilita.
Lehen harriaren ilusioa
Lehen urtea izango da eta beraz ez dago jakiterik nola joango den. Ilusiorik ez zaie falta, hori bai: "Bost elkarte batu garela eta egitaraua lotu dugula ikusita, pozik gaude. Ea aurrerago halako gehiago antolatzeko lehen harria jartzen dugun aste bukaeran. Izan ere, bide bat hasten dugun sentsazioa daukagu, aurrerantzean proiektu berriak etorriko direla. Ez dira egun batetik bestera fruituak ematen dituzten gaiak, inurri-lana eskatzen duten gaiak dira", iragarri du Nafarratek.