Iker Sancho Insausti lazkaotarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkarrek Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa.
Horrela erabaki du Ainhoa Ayerbe Zabaletak, Jose Inazio Basterretxeak eta Roberto Serranok osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamabost lanen artean (horietatik erdiak errusieratik zuzenean aritu dira). Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat (Gerrak ez dauka emakume aurpegirik) euskaratu beharko du itzultzaileak urtea bukatzerako, eta 2017 urte hasieran emango du argitara. 2002an abiarazi zuten Elkarrek eta AEDk Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka.