Mendia eta elkartasuna eskutik, zailtasunak gainditzeko tontorrera bidean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 10a, 12:16

Arrasate-Udalatx mendi lasterketa antolatzen duen Mondraitz Kirol Klubak Naiara Agredari laguntzeko ekimena borobildu zuen atzo, astelehena. Mondraitz klubari eta lasterketaren bigarren edizioan parte hartu zuten 300 korrikalariei esker, 600 euro jasoko ditu garun-paralisia duen 12 urteko neskak.

Bi ediziotan kirol proba entzutetsua bilakatzea lortu du Arrasate-Udalatx mendi lasterketak. Bigarren edizioko arrakasta elkartasun keinu eder batekin borobildu zuten atzo Mondraitz Kirol Klubeko ordezkariek. 

Bigarren edizioa antolatu aurretik helburu sozialak babesteko erabakia hartu zuten eta kanpora egin beharrean, Arrasaten bertan beharra dutenei laguntzea da Mondraitzekoen asmoa. Hurrengo edizioetan ere ekimen solidarioekin jarraituko dute.

Gertutik ezagutzen zuten Mondraitzekoek Naiara Agredaren kasua eta horregatik erabaki zuten lehen laguntza hari ematea.

Dirua, lepokoa ordaintzeko

Naiara Agredaren senitartekoek biziki eskertu dute Mondraitz klubekoen keinua. Haren amak aitortu duenez, ez da hilabeterik pasatzen behar berriak sortu gabe; dioenez, Naiarak 24 orduz behar du laguntza. Dependentziaren Legearen bidez jasotzen duten laguntza gurasoak lanean dauden bitartean Naiara zaintzen duen pertsonari ordaintzeko erabiltzen dute eta hortaz aparte beste hainbat gasturi ere egin behar izaten diote aurre. Fakturak oso garestiak izaten dira, baina Mondraitz klubari esker lortutako dirua ondo etorriko zaie; berriki erosi dioten lepokoa ordaintzera bideratuko dute diru hori.

Diruaz harago, baina, Naiararen senideek keinua eskertzen dute bereziki. Naiararen amak, Almudena Viecok halako jende gehiago egon beharko litzakeela uste du: "Esan diet eurei, gutaz akordatu izana itzela dela. Mila-mila esker, benetan".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak