Iazko edizioa Bilbon izan zen, eta handik domina pare bat ekartzea lortu zuten. Aurten, ordea, zailagoa izango da iazkoa errepikatzea. "Iaz jende mordoa etorri zen Arrasatetik animatzera, eta publikoaren energia sentitzea da gimnasta batentzako pizgarririk onena", adierazi du Edurne Elkorok, taldeko entrenatzaileak
Apirilaren 9an Euskadiko aerobik txapelketa jokatu zen Arrasateko Iturripe kiroldegian. Han egindako lan bikainari esker eskuratu zuten lehia nazionalean aritzeko txartela. Elkorok entrenatzen dituen neskek urrezko hiru domina eta zilarrezko bat lortu zituzten, eta maila aparta erakutsi zuten Biribildu gasteiztarren eta Urdaneta bizkaitarren aurka.
Lorpen handia
Horrelako txapelketa batean aritze hutsa klub bezala "lorpen handi" bezala definitu du Elkorok. "Ez gara emaitzarik lortzera joango. Gure helburu nagusia neskek kantxan gozatzea eta ondo pasatzea izango da. Bertan, munduko txapelketan parte hartzen duten gimnastak izango dira, eta haiekin batera entrenatzea sari polita da eurentzako". Aerobikean munduko txapelketa da txapelketa gorena, ez baita kirol olinpiartzat jotzen.
Taldeko hamar gimnastak hartuko dute parte. Uxue Azkue bakarka arituko da N2 kategorian eta Araitz Altubek berdina egingo du N3an. Azken maila horretan, Eider Lasanta, Izaskun Garcia eta Naia Irazola lehiatuko dira hirunaka. Aerodance kategorian ere lehiatuko dira arrasatearrak. Iazko txapelketan domina eskuratu zuten aerobika eta koreografia uztartzen dituen modalitate honetan. Aurtengo edizioan, Maite Oliden, Maialen Gallardo, Araitz Altube, Leire Ugarte eta Maialen Diaz izango dira domina defendatzen saiatuko direnak.
Espainian badaude Euskal Herriak baino gimnasia tradizio handiagoa duten herrialdeak; batez ere, Valentzia eta Katalunia. Txapeldun gehienak bertakoak izan ohi dira, eta oso kirol hedatua da bai nesken eta bai mutilen artean. "Bi komunitate horiek dira betidanik indartsuenak. Hemen, adibidez, neskei lotutako kirol bat bezala barneratuta daukagu. Aldiz, Kataluniara edo Valentziara joanez gero, adin guztietako neska-mutikoak ikus ditzakezu kirol hau praktikatzen. 8 urteetakoetatik 20 dituzteneraino. Iazko mundialeko binakako txapelduna Valentziako bikote misto bat izan zen, eta hori adibide garbi bat da".