Parte hartu nahi dutenek antolatzaileek aukeratutako lagina eskuratu eta itzuli egin beharko dute apirilaren 25a baino lehen. Jatorrizko lagina eta lehiaketarako oinarriak aedelkartea.eus eta elkarargitaletxea.eus/jokinzaitegi atarietan eskura daitezke.
Sei parte hartzaile, oraingoz
Astelehenera arte lanak aurkezteko epea badago ere, dagoeneko sei itzulpen aurkeztu dituzte. AEDko kide Itxaro Artolaren hitzetan, errusiera hizkuntza zaila izanik parte hartze ona egon da, oraingoz: ''Hizkuntza zaila denean ez dugu lan asko jasotzeko aurreikuspenik izaten. Errusiera ez da ingelesa, gaztelania edo frantsesa bezalako hizkuntza, hiztun gutxiago ditugu euskaraz ere badakitenak.'' Aurreikuspena beste hizkuntzekin alderatuta baxuagoa bada ere, Artolak itzulpengile profesional eta trebatuak aurkezten direla dio: ''Nahiz eta gutxi aurkeztu, itzulpengile ezagunak aurkezten dira urtero, profesionalak eta oso trebeak. Ziur gaude emaitza oso onak jasoko ditugula.''
Sari banaketa
2012. urtean antolatu zuen AED elkarteak Elkar argitaletxearekin elkarlanean azkenengo aldiz itzulpen sariketa, ordura arte lehiaketaren babesle nagusia zen Kutxa Fundazioak laguntzeari utzi eta gero. Aurten Arrasateko Udalak sariketa berriro abian jartzea ahalbidetu du, lau urteko hitzarmena sinatuta. Ainhoa Ayerbe, Jose Inazio Basterretxea eta Roberto Serrano dira epaimahaikideak, eta irabazlea izendatuko dute 2016ko maiatzaren 20rako.