Badator Zuztarrak Errotuz taldearen Udaberriko Hitzaldi Zikloa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko api. 15a, 08:30
Agirre, Aoiz eta Legorburu.

Udaberriko Hitzaldi Zikloaren seigarren aldia izango da aurtengoa eta, aurreko ziklo batzuetan moduan, aurten ere Nafarroa izango da abiapuntua. Aranzadiko idazkari Juantxo Agirre, historia ikertzaile Floren Aoiz eta numismatikan aditua den Mikel Legorburu izango dira aurtengo gonbidatuak. Apirilaren 20an eta 27an eta maiatzaren 3an edo 4an izango dira saioak, Kulturateko areto nagusian (19:00).

Apirilaren 20an, Amaiurko Gazteluko azken aurkikuntzak izango ditu hizpide Juantxo Agirrek; apirilaren 27an, Nafarroako aldaketaren gakoez arituko da Floren Aoiz eta maiatzaren 3an edo 4an –Kulturate libre noiz egongo den zehazteke dagoelako– Nafarroako Erresumako txanponen historia izango du berbagai Mikel Legorburuk. Hitzaldi guztiak Kulturateko areto nagusian izango dira, 19:00etan hasita.  

Txanponak, "agiri historiko"

Hasiera baten Legorburuk ireki behar zuen hitzaldi zikloa baina hainbat arrazoi direla medio zikloa itxiko du azkenean. Haren arabera, "oso korapilatsua" izan da Euskal Herriaren historia: "Herri zatitua izanik eta agintaritzen menpeko ekonomiaren dokumentu ofizialak txanponak direnez, horien bitartez aztertuko dugu zein izan den gure herriaren historia".

Legorburu ez da ekonomiaz arituko, historiaz baizik. Modu dibulgatiboan mintzatuko da, edonork ulertzeko moduan. Izan ere, uste du euskaldunok ez garela gure historiaren jakitun: "Ez dugu gure atzean duguna ezagutzen, ez dakigu gure historia nolakoa izan den. Pasarte batzuetan gu izan gara agintari eta beste batzuetan agindu egin gaituzte... Bada, txanponen bidez historia esplikatu daiteke askoz egokiago orain arte erakutsi digutena baino".

Legorburuk Kristo aurreko Baskoien garaian egindako txanponetatik hasi eta 36ko Gerraren garaian Jose Antonio Agirreren agindupean egindako pezeta bateko eta biko txanponetan amaituko du saioa. Herri batek moneta propioa izateari "garrantzia handia" ematen dio adituak: "Uste dut nazio bakoitzak bere izaera adierazi beharko lukeela txanponetan. Euroa dugun lurraldeetan, adibidez, moneta bateratua izan arren herrialde bakoitzak bere izaera du adierazita monetan. Frantsesek eurena dute, espainolek ere... Euskaldunok gurea izan genezake; Europar Batasunetik kanpo egongo bagina, arrazoi gehiagorekin".
Antolatzaileek aurreratu dutenez, hitzaldi guztien amaieran zalantzak argitzeko edota debaterako gai ezberdinak proposatzeko aukera egongo da. Herritar oro gonbidatu dute.

Hitzaldien gaineko xehetasunak

Amaiurko Gazteluko azken aurkikuntzez, XV. mendeko armak barne

Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari Juantxo Agirrek irekiko du Udaberriko Hitzaldi Zikloa; apirilaren 20an, Kulturateko areto nagusian (19:00). Antolatzaileek aspalditik ezagutzen dute Agirre eta adituak berak ere aspalditik ezagutzen du Arrasate: "Meritu handiak egin ditu historiaren ikerketan, langile amorratua da-eta", diote Zuztarrak Errotuz taldekoek. Amaiurko Gazteluaren inguruan egin diren azken aurkikuntzez egingo du berba Agirrek, izan ere, XV. mendean erabili izan ziren armak aurkitu dituzte azkenaldian, besteak beste.

Nafarroan eman den aldaketaz eta haren iraunkortasunaren gakoez

Sortu alderdiaren Iratzarri fundazioko presidente eta historia ikertzaile Floren Aoizek Nafarroako aldaketaren gakoak izango ditu hizpide hilaren 27an Kulturateko areto nagusian (19:00). Aoizen arabera, Nafarroako aldaketarako grina "indartsua" da oraindik ere baina horren aurkako indarrak aintzat hartu behar direla dio: "Boteretik kanpo geratzean kolpe gogorra hartu zuten, baina burua altxatzen ari dira eta kontraeraso indartsua prestatzen. Nafarroakoa ez gobernu edo kolore aldaketa hutsa izan, erregimen oso bat desmuntatzen ari da", uste du.

Nafarroako Erresumako txanponen bidez, historia ezagutzeko aukera

Numismatikan aditua den Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari Mikel Legorbururen hitzaldian txanponak izango dira protagonista. Hori bai, Legorburu ez da ekonomiaz arituko; Nafarroako Erresumako txanponen bidez Euskal Herriaren historia azaltzen saiatuko da. Halako saioak "izugarri interesgarriak" direla dio: "Ez nire afizioa delako, baizik eta gabezia handiak ikusten ditudalako gure herriaren historiaren inguruan. Kontu hauek guztiak zabaldu beharko lirateke. Hitz egitea, entzutea, ikastea falta da... Gauza asko falta dira".

Xabier Zubizarretari elkarrizketa

Udaberriko Hitzaldi Zikloaren seigarren edizioaren nondik norakoak azaldu ditu Xabier Zubizarretak.

Zein da hitzaldi zikloaren helburua?
Iraganera begiratzen badugu ere, ahalegintzen gara ekartzen ditugun hizlarien bitartez gaur egun Euskal Herrian interesa duten gaiak jorratzen. Historikoki zein lotura izan dezaketen, nola jokatu izan dugun historian zehar gai horien inguruan... Aurten ere hori izan da gure saiakera; helburua da Kulturateko ateak ahalik eta herritar gehienek zeharkatzea.

Historia berridatzi beharra dago oraindik?
Berridatzi baino gehiago, idatzi egin behar dela esango nuke. Izan ere, beste batzuk izan dira gehienetan gure historia idatzi dutenak; ez legoke gaizki historia behar bezala idazten hastea.

Monetaren gaia, esaterako, zergatik ekarri duzue?
Oso interesgarria dela uste dugu. Adibidez, betidanik ezagutu dugun pezetaren iraupen historikoa 100 urte eta gutxikoa dela enteratu nintzenean   konturatu nintzen historia aztertzeak merezi zuela, gure txanponak izan ditugu-eta Kristo jaio aurretik. Aldiz, gure kontzientzia horri buruz zen pezeta izan dela gure betiko txanpona; horregatik uste dut historiaren isla oso ezberdina dela benetan zer gertatu zen jakiten denean edo besterik gabe duzun inpresioan oinarritzen bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak