Kultura underground eta herrikoia balioan jartzeko erakusketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko api. 8a, 17:00
Asmatu KOmunikazioa eta Kultura elkartekoak Kullturaten 'Rockomikiak' erakusketa muntatzen

Arrasateko Udal Bibliotekak, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen egitarauan, irudiari eman dio garrantzia aurten. Horren erakusle da Kulturateko klaustroan gaur, egubakoitza, zabaldu duten Rockomikiak, Biñetak@Doinuak erakusketa. Apirilaren 30era bitartean izango da ikusgai.

Garai bateko kultura undergroundeta herrikoia balioan jartzeko helburua du erakusketak. Komikiak, fanzineak, disko azalak eta libretoak, kartelak, argazkiak... bildu dituzte. "80ko hamarkadan egon zen pizkunde kultural eta artistikoa islatzen du. Medio oso gutxirekin egiten ziren fanzineak, kontzertuak, askotariko egitasmo kolektiboak: irrati libreak, arte erakusketak... Era berean, garai hartan euskal musikak eta komikiek zuten harremana ere erakusten da. Adierazpen horiek gauzatu ziren garaian ez ziren kulturaltzat jo, nahiz eta egoera sozial, politiko eta kultural zehatz batean gizarte talde batek zituen kezkak, jakintza eta asmoak horien bitartez azaldu. Izaera lokalista zuten, subproduktu kulturalak ziren. Adierazpen guzti horiei, izaera kulturala aitortu gura izan diegu", dio Asun Agirianok, Arrasateko Udal Bibliotekako kideak.

Kolaboratzaile askorekin eginda 

Arrasatera Udal Bibliotekaren eta Kultura sailaren eskutik badator ere, Asmatu, Komunikazioa eta Kultura elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Oihaneder Euskal Etxearen eta Sancho El Sabio Fundazioaren laguntzarekin osatutako bilduma da. "Orokorrean, aurrez Donostian eta Gasteizen izan den erakusketa bera da, baina gurean Arrasateko eta Debagoieneko osagaiak ere badaude. Borondatezko kolaboratzaile ugari izan ditugu, euren artxibo pertsonaletik materiala utzi digutenak: Kepa Altube Kopi; Mikel Montoya; Edurne Landaluze; Karmelo Alberdi; Iker Barandiaran; Diego Martiartu; Txus Izquierdo; Vicente Mena; Joseba Isazelaia Piraña; eta Txerra Bolinaga. Denbora laburra izan dugu bilketa egiteko eta ez dugu sasoi hartako material guztia jasotzerik izan; hala ere, herritarrek gura izanez gero, material gehiago jasotzeko prest gaude. Orain arte jasotakoa eta aurrerantzean jaso dezakeguna Udal Bibliotekan gordeko dugu, herriko ondarearen erakusle", azaldu du Agirianok.

Lau ataletan banatuta 

Gasteizen eta Donostian moduan, lau ataletan banatu dute Kulturaten ikusgai dagoen bilduma: musika, komikiak, irakurgaiak eta telebista. Musikaren atalean, disko azalak eta libretoak daude;  musikarekin lotura zuzena duten komikiak daude bigarrenen atalean; irakurgaien atalean, berriz, bestelako gaietako komikiak, fanzineak eta liburuak jaso dituzte; eta 80ko eta 90ko hamarkadetako bideoklipak ikusteko aukera dago laugarrenean.

Aipatutako osagai horiez gainera, Rockomikiak erakusketaren osagarri, TMEO aldizkari satirikoaren erakusketa ere jarri dute Kulturaten. "80ko hamarkadan jaio eta gaur egun ere bizirik dagoen aldizkaria da. Hastapenetan moduan, izaera oso ganberroa du eta tabernetan saltzen dute. Asmo ludikoa du, barre eragiteko helburuaz egindakoa da. Bizi dugun garai ilunetan, eskertzekoa da, duda barik". 

Ikasleentzako bisita gidatuak 

Publiko zabalarentzako erakusketa aproposa dela dio bibliotekariak. "Belaunaldi gazteentzat interesgarria izan daitekeela uste dugu; izan ere, oraindik ere garai hartako musika entzuten dute gazte askok. Eta nola ez, garai hura bizi izan dutenentzako ere bai; gogoeta ariketa ona izan daiteke horientzat. Irudia arte adierazpide eta komunikazio tresna dutenen interesekoa ere izan daiteke; Batxilergo Artistikoko ikasleak ere gonbidatu ditugu. Orokorrean, ikastetxe askotatik etorriko dira, eta horientzako bisita gidatuak antolatu ditugu. Gasteizko erakusketan gidari lanetan jardun zuen Gorka Lazkano izango da Arrasatekoan ere dinamizatzailea".  

Altarribarren azkena ere bai  

Erakusketaren bueltan musika eta marrazketa saioa, erakustaldia eta El ala rota komikiaren aurkezpena prestatu dituzte. Arrasateko Bibliotekako aspaldiko kolaboratzailea den Altarribak  Kim marrazkilariarekin egin duen azkeneko lana da El ala rota. "Primizia izango da. Aspaldi lotu genuen, gidoia idazten ari zela. Harreman estua du gurekin".

Erakusketaren bueltan antolatutako ekintzak

-Bertso punk margotua

Apirilak 26, 19:00: Arrasateko margolarien eta musikarien saioa. Partaideak: Helena DiDi, Kopi eta Danel Goikolea marrazkilariak eta Igor eta Magu musikariak.


-Julen Ribasen erakustaldia

Apirilak 29,19:00 Arrasateko margolari eta komikigileak jendaurrean marrazkiak egingo ditu.


-'El ala rota' komikiaren aurkezpena

Apirilak 28,19:30 Antonio Altarriba eta Kim marrazkilariak argitaratu berri duten lana aurkeztuko dute Jokin Zaitegi aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak